2020-05-13 09:21
Koronabirusaren krisia hasiera batean eskaintza-krisia izan da, baina ERTEei buruzko informazioak argi erakusten du jadanik produkzio eta eskari krisia dela. Gobernu ezberdinek orain arte hartutako neurriak oso partzialak izan dira eta enplegu suntsiketa handia ekarri dute, ezinbestekoa da enplegua mantentzeko estrategia orokor bat ezartzea, eta Elkarrizketa Sozialak ez dio horri erantzun eta ostalaritzako kaleratzeei atea ireki die

Administrazioek epe ertain eta luzeko estrategiak jarri behar dituzte martxan lanposturik ez suntsitzeko eta kaleratzeak ekiditeko. Atzo Elkarrizketa Sozialean izandako akordioak kaleratzeak ekarriko ditu orain arte ERTEan egon diren sektoreetan eta, gainera, ez die erantzuten benetan enpresetan bizi den egoerari. ELA egungo enpleguaren egoeraren analisia oinarri bere proposamenak egin nahi ditu. Administrazioen erabaki ausartak ezinbestekoak dira legedi aldaketaren bitartez eta inbertsio publikoaren bitartez langileen bizi-baldintzak bermatzeko.

33.851 espediente aurkeztu dituzte Hego Euskal Herriko enpresek. Krisiaren hasieran aurkeztu ziren ia guztiak eten erregulazio espedienteak eta alarma egoerak ahalbideturiko ezinbesteko arrazoietan oinarriturikoak baziren ere, murrizketa espedienteak eta produkzio edo antolakuntza arrazoietan oinarriturikoak ugaritzen ari dira. Beraien etorkizuna zalantzan duten eta diru-sarrerak nabarmen murriztuta ikusi duten langile hauez gain, krisiaren testuinguruan beste 27.871 izan dira kaleratuak edo galdu dute enplegua eta aldez aurretik egoera larrian zeuden milaka herritarrek nabarmen egin dute okerrera. Egoera honek, Iruñea eta Gasteizko gobernuek enplegua mantendu eta funtsezko bizi-baldintzak bermatzeko premiazko neurriak hartzea eskatzen du.

Covid-19 krisia lehertu zenetik aurkezturiko enplegu erregulazio espedienteek 260.000tik gora langile eragin dituzte.

Hemen aurkezturiko espedienteek eragindako langileen garapena:


Hasieran aurkeztu ziren ia guztiak eten erregulazio espedienteak eta alarma egoerak ahalbideturiko ezinbesteko arrazoietan oinarriturikoak baziren ere, murrizketa espedienteak eta produkzio edo antolakuntza arrazoietan oinarriturikoak ugaritzen ari dira. Aurkezturiko ia espediente guztiak etenekoak eta ezinbesteko arrazoiengatik izatetik, etenekoak eta murrizketakoak parekatzeko joera nagusitzen ari da. Arrazoiei dagokionez, nabarmen egin dute gora produkzio arrazoiengatiko ohiko espedienteek eta produkzioagatikoek (bereziki Nafarroan). Eragindako langileei begira, are nabarmenagoa da aldaketa hau.

Hemen egunez egun aurkezturiko espedienteek eragindako langileak, motaren arabera:

Hemen egunez egun aurkezturiko espedienteek eragindako langileak, arrazoien arabera:
 

 

Joerak pentsa arazten du hasiera batean osasun krisiak eta alarma dekretuak zerbitzu eta enpresa asko beraien jarduera etetera behartu bazituen ere, orain eskaera eta produkzio krisia dela enpresen jardueraren etena eta jardueraren murrizketa behartzen ari dena. Enpresa gehienak jarduerari eusten ari dira, baina modu murriztuan eta langile gutxiagorekin. Era berean, ohiko produkzio eta antolakuntza espedienteen ugaritzeak eta alarma egoerak ahalbideturiko ezinbesteko espedienteen baldintzak malgutzeko mehatxuak, enpresak langile gutxiagoren lan egiteko prestatzen ari direla eta enplegu krisi larri baten aurrean aurki gaitezkeela ondorioztatzera eraman gaitzake.

Erregulazio espedienteen baitan beraien etorkizuna zalantzan duten eta diru-sarrerak nabarmen murriztuta ikusi dituzten langile hauez gain, krisiaren testuinguruan, martxo hasieratik, beste 27.871 izan dira kaleratuak edo galdu dute enplegua, langabezia %13,47an kokatuz (179.085 langabetu Hego Euskal Herrian). Langabeziaren gorakada handi honek enpleguaren behin-behinekotasun izugarriari erantzuten dio, izan ere, enplegu egonkortasunik izango balitz, kaleratuak izan diren langile hauen gehiengoak lanpostua mantendu ahal izango luke erregulazio espedienteen bidez eta diru-sarrera hobeak izango lituzke.

Enplegu krisi honi gehitzen zaizkie lehendik ere pobrezia edo pobrezia arriskuan zeuden milaka pertsona eta egoera honetan beraien egoerak nabarmen okerrera egin dutenak (DSBE kobratzen duten martxoan baina 883 pertsona gehiago daude apirilean EAEn eta Nafarroan Errenta Bermatu 600 eskaera gehiago egon dira krisiaren hasietatik eta).

Egoera honek, ELAk azken asteetan eskatu duen ildotik, Iruñea eta Gasteizko gobernuek enplegua mantendu eta funtsezko bizi-baldintzak bermatzeko premiazko neurriak hartzea eskatzen du.

Zentzu honetan, Estatuko Elkarrizketa Sozialean adostutako Ezinbesteko Kausengatiko ERTEen luzapen partzial eta mugatuak ez die erantzungo Hego Euskal Herriko langile eta enpresen beharrei:

  • Batetik, osasunak lehentasuna izan beharko du baita hurrengo hilabeteetan, ondorioz, Osalan edo ISPLN eta Lan Ikuskaritzaren baliabideak handitu behar dira. Era  berean, ezinbestekoa izango da hainbatetan jarduera ekonomikoan murriztea.
  • Bigarrenik, langabeziara joan diren edota ERTEan dauden langileen pobretzea ekiditeko prestazio sozial sistema oso bat, langileen dirusarrerak mantenduko dituena.
  • Hirugarrenik, krisi hau produkzio eta eskaera krisi bihurtzen ari da eta horrek hainbat enpresaren bideragarritasuna kolokan jarriko du. ELAren iritziz ezinbestekoa da enplegua mantentzeko estrategia oso bat garatzea hurrengo elementuekin:
    • Kaleratzeak eta iruzurrean egindako behin-behineko langileen kontratu bukaerak debekatzea, eta laguntza publikoak jasotzeko hau ezinbesteko baldintza izatea.
    • Enpresa estrategikoen kontrol publikoa hartzea eta hauen biziraupena bermatzea. Alemaniak 100.000 milioi euroko aurrekontua ezarri du enpresetan parte hartzeko eta beste 500.000 milioi euroko abalak erabiliko ditu zentzu berean.
    • Krisian egon daitezkeen enpresen produkzio eredua eraldatzeko estrategia martxan jartzea, gizartearen eta planetaren beharrak erdigunean hartuko dituen eredu baten alde. Eraldaketa prozesu honek gizartearen, planetaren eta enpresa horietan lanean arituko diren langileen bizi-baldintzak izan behar du helburu.
    • Egoera ekonomiko zailean dauden enpresetan ERTEan egongo diren langileen kotizazio kostuak eta langileen soldatak osatzeko sistema ezartzea, eta egoera ekonomiko onean dauden enpresentzat hau derrigorrezkoa izatea.
  • Laugarrenik, orain arte izandako ERTE asko ostalaritza eta merkataritza alorrean izan dira eta deseskalatzeak ematen dituen aukera murritzekin askok eta askok ezingo dute modu partzialean ere ireki. Aurreikustekoa da udan, eta ondoren ere, antzeko egoeran izango direla eta ezinbestekoa da ERTE sistema enpresa hauetan langile guztientzat erabiltzea derrigorrezkoa izatea, kaleratze aukerarik gabe. Hurbileko ostalaritza eta merkataritzak are zailtasun handiagoak izango ditu partzialki bada ere lantokiak irekitzeko. ELAren iritziz ausardia handiagoa behar da hurbileko merkataritza eta ostalaritzaren biziraupena bermatzeko (enplegua bermatzearean truke alokairuen gaineko neurriekin edo zuzeneko laguntzen bitartez). Era berean, sektore hauetako langileak dira lan-baldintza okerrenak dituztenak, bereziki garrantzitsua da sektore hauetako langileen bizi-baldintzak hobetzeko prestazio sozialak izatea.
  • Bosgarrenik, 2010etik aurrera izandako lan-erreforma guztiek kaleratzeak erabat erraztu zituzten, baita irabaziak dauzkaten enpresetan ere. ELAren ustez ezinbestekoa da egoera ekonomiko onean dauden enpresetan kaleratzerik emateko aukerarik ez izatea, eta egoera ekonomiko okerragoan egon daitezkeen enpresetan bermeak izango dituzten prozedurak ezartzea, besteak beste administrazioen aldetik kaleratze proposamenak berrikusteko beharrarekin. Horretaz gain, krisian dauden enpresetan horien eraldaketarako aukerak erraztu egin behar dira eta, bereziki, enpresa horiek langileen esku uztea estrategikoa izan behar da. Horrek legedi aldaketa sakona eskatzen du.
  • Azkenik, zerga sistema bidegabe bat dugu, funtsean langile errentak dira gastu publikoa finantzatzen dutenak. Krisi honen irteera, 2008koarekiko zeharo ezberdina izan behar da, oraingoan errenta altuak, kapital-errentak eta enpresen gaineko zergek izan behar dute, funtsean, aurretik esandako neurriei aurre egiteko dirusarrerak ekarriko dituztenak.

Gure lan merkatua prekaritatean oinarritzen da, horregatik suntsitu da horrenbeste lanpostu horren denbora murritzean. Krisi eta produkzio jaitsierak kudeatzeko sistema publiko eraginkor bat behar dugu, krisi garaietan lanpostu suntsiketarik eragingo ez duena eta krisien ondorioak langileek kontura ordaintzerik ekarriko ez duena. Estatuan ez diote honi konponbiderik eman, Euskal Herrian autonomia kolektibotik eta gure administrazioen inplikazioarekin sistema propioa eraiki beharko genuke.

Horretaz gain, ezinbestekoa da produkzio eredua erabat iraultzea, pertsonak eta planeta erdigunean jarrita, horrek gaurdanik sektore publikoaren protagonismoa eskatzen du, ekonomia pertsonen zerbitzura jartzeko eta ez pertsonak jarduera ekonomikoaren zerbitzura.



Oharra: Nafarroako Gobernuaren datuak ez daude osatuak. Gobernuak ez du 214 erregulazio espedienteren mota eta eragindako langileen daturik eman (aurkezturikoen %3) eta 251tan ez du adierazten espedientea aurkeztearen arrazoia (aurkezturikoen %3,5). Era berean, espediente berean mota desberdinak agertzen espedienteak (etetea, murriztea eta/edo itxiera/kaleratzea) espediente mota desberdin gisa zenbatu dira, eta arrazoi bat baino gehiago agertzen dituzten espedienteetan (antolaketa, ekoizpena, galeren aurreikuspena...) lehenengo arrazoia izan da kontuan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.