2019-06-14 13:32
Elorrioko Udalak instalazio publikoetan garbitasun zerbitzua egiten duten langileen grebari buruz argitaratu duen prentsa-oharra dela eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:

1- Elkarrekin Podemos taldeak otsailaren 25ean Eusko Legebiltzarrera mozio bat eraman zuen; hau EH Bildu taldeak ere babestu zuen, alde bozkatuz. Mozioan, besteak beste, honakoa adierazten zen:

“Euskadin, mugimendu sindikalak bere eginkizuna betetzen du soldata-arrakala desagerrarazteko erreibindikatuz eta horregatik, enpresen, enpresaburuen eta administrazioetako gobernuen blokeoaren aurrean, grebak bultzatzen ditu murrizketa-politikak geldiarazteko eta soldata-arrakala desagerrarazteko. Ez da onargarria gobernu demokratikoak kezkatuago egotea greben ondorioak murrizten eta ekiditen eta aldi berean laneko bidegabekeriak desagerrarazteko, hala nola emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala murriztu eta desagerrarazteko aukera blokeatzen”.

Testu hartan Eusko Jaurlaritzari galdegiten zitzaion alda zitzala arauak eta kudeaketa bere eskumen eta eraginpeko eremuetan, bereziki “zerbitzuen kontratazio eta kanporatzearekin lotutakoak”. Emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala desagerrarazteko aipatzen ziren hartu beharreko neurrien artean honakoak zeuden:

  • Hilean 1.200 euro garbiko gutxieneko soldata aplikatzea;
  • astean 35 orduko lanaldia aplikatzea;
  • soldata-maila baxuenetan urteko igoera handiagoak lortzea, gehienezko eta gutxieneko soldaten arteko tartea murriztuz.

EH Bilduk oso-osorik babestu zuen mozioak esaten zuen ere Jaurlaritzak berma zitzala “bere eskumen-eremuetan lan-baldintza berdinak gizonek egiten dituzten lan berak egiten dituzten emakumeentzat, horretarako behar den finantzaketa jarriz. Konparaketa egiterik ez dagoen eremuetan, eskatzen dio finantzatu dezala % 20 bitarteko soldata-igoera bat, kanporatutako kontratu publikoetan emakumeen eta gizonen artean dagoen soldata-arrakala konpentsatzeko”.

ELAk mahai gainean jarri duena da hain justu Elorrion defenditzea eta gauzatzea Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk Legebiltzarrean proposatu duten mozioa. Gauza bakarra eskatzen dugu: eurek egindako proposamenak errealitate bihur ditzatela erabakitzeko aukera duten eremuetan.

2- Zerbitzua publifikatzeari buruz, ELAk inoiz ez du horren aurkako jarrerarik izan. Hori bai, bide hori proposatzen dutenei kargu hartzen die aukera hori soilik azaleratzen delako greban dagoen kolektibo baten aurkako errepresalia gisa. Izan ere, beste zerbitzu asko baitaude Elorrion azpikontratatuta, baina horiei buruz halako eztabaidarik ez da sortzen. Ez dugu grebaren aurkako jarrerarik onartzen; are gutxiago ezkerreko indar politikoen aldetik. Edonola ere, errebertsio politika erabakitzen bada, ezin du kaleratzerik eragin.

3- Beste kontu bat da ELAren proposamenak zerbitzuaren kostua zenbat gehituko lukeen; ez ditugu Udalaren kalkuluak ulertzen. Soldatak proposamenaren arabera igoz gero (lanaldi osoan 16.500 eurotik 18.000 eurora pasatzea) 2020an %9,09ko igoera litzateke, eta %11,11 2021ean. Beraz, Udaleko gobernu-batzordeak eman dituen zenbateko eta datuak ez dira egiazkoak.

4- Greba deitzeko uneari buruz: Deialdia egin zen zerbitzuaren lizitazio berria eztabaidatzen ari zen unean. Elorrioko Udalaren asmoa ez zen zerbitzu hau publifikatzea, baizik azpikontratazio fase berriak izango zituen kostu eta baldintzak. Eta zerbitzuaren kostua erabakitzen ari denean, hots, behin betiko erabakia baino lehenago, bermatu behar dira langileen baldintzak. Gainera, ELAren, Udalaren eta enpresaren arteko negoziazioa 2017ko urrian hasi zen, baina gatazka hasi arte langileei ez zaie eskaintza bat ere egin.

Azkenik, ez da egia ere Elorrio inguruko beste udal batzuk lan-hitzarmen probintziala aplikatzen dutenik. Durangon garbitzaile azpikontratatuen oinarrizko soldata 22.722 euro dira, eta Zornotzan, 21.735,07 euro; soldata hauek garbitasuneko beharginen borrokaren fruitu dira. Aipa ditzakegu, halaber, eremu publikoan diharduten beste garbitzaile batzuren baldintzak: Osakidetza, Aldundia, Eusko Jaurlaritza, etab. Hauei ere ez zaie sektoreko hitzarmena aplikatzen, eta soldatak Elorrion aldarrikatzen direnak baino handiagoak dira. Gogora ekarri nahi dugu duela 9 hilabetetik hona sindikatu guztiok ari garela Gipuzkoan epaitegi eta komisarietako garbitzaileen greba babesten; han ere soldata arrakala amaitzea nahi dugu.

Beraz, ELAk Elorrioko EH Bilduri eskatzen dio gauza ditzala Legebiltzarrera eraman dituen aldarriak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.