2019-06-14 09:00
Sindikatu brasildarrek elkarrekin greba orokorrera eta mobilizazioetara deitu dute Brasilen ekainaren 14an, Jair Bolsonaro presidentearen gobernuak inposatzen dituen atzerapauso sozialen aurrean.

ELAk elkartasuna adierazi nahi dio Brasili eta bertako langile klaseari, ekainaren 14rako deitutako greba orokorrean eta mobilizazioetan. Deialdia bertako eragile sindikalek egin dute Brasilen ematen ari diren demokraziaren aurkako eta langileen eskubideen kontrako erasoen aurrean.

Herrialdea atzerapen ekonomikorantz doan bitartean, Bolsonaro presidenteak eta Mourão presidente ordeak pobreenen jubilazioekin amaitu nahi dute, hezkuntza publikoan mozketak egiten dituzte eta lan eskubide eta askatasun demokratikoekin amaitu nahi dute. Gainera agronegozioen eskutik indigenen lurren inbasioa sustatzen dute, ingurumenaren suntsipena sustatzen dute eta homofobia, arrazismoa eta matxismoa estimulatzen dute. Honek pertsona LGTBIQ+, arrazializatu eta emakumeen aurkako erasoak larriagotu ditu.

Langabezia hazi egin da eta 60 milioi pertsona baino gehiago merkatu formaletik kanpo daude. Gauzatu nahi duten Previdenciaren erreformak egoera hau larriagotuko du, langileen jubilazioa eragotziz, segurtasun eskubideak suntsituz eta miseria handituz.

Egoera honen aurrean nazioarteko elkartasuna funtsezkoa da. Bai Brasilen, bai Euskal Herrian eta mundu osoan zehar demokraziaren eta justizia sozialaren  alde lan egiten dugunok elkartasuna adierazi behar diogu. Horregatik, gure Brasilgo lagunei gure elkartasuna adierazi nahi diegu borroka egun honetan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.