2020-12-18 09:38
2021erako aurrekontu proposamenak jasotzen duen bezala, guztira, 142 milioi euro izango dira. Bada, euskal irrati-telebista publikoak izan beharko lukeen finantzaziotik urrun dagoela uste du ELAk. Hori dela eta, horien kontrako bozka eman zuen taldeko Administrazio Kontseiluan.

 Gogorarazi duenez, orain dela hamarkada bat diru-partida handiagoa bideratzen zen taldera. 2009an, esate baterako, Eusko Jaurlaritzak 190 milioiko inbertsio publikoa egin zuen EITBn, hau da, orain baino %25 gehiago. Gainera, aurrekontua txikitzeaz gain, ELAk gogorarazi nahi du euskal Irrati-telebista publikoaren aurrekontua oso urrun dagoela Europako beste hedabide publiko batzuek dutenetik, espainiar eta frantziar estatukoak barne.

“Kalitatezko komunikazio zerbitzu publiko independentea, baliabidez hornitua eta behar adina langile dituena lortuko bada, finantzazioa tamainakoa izan behar da, gehienbat publikoa, eta aurrekontu proposamen honekin ezin da helburu hori gauzatu”, dio sindikatuak.

Gauzak horrela, sindikatuak uste du bide horretan ezinbestekoa dela murrizte-politika baztertzea aurrekontuetan zein baliabide eta langile kopuruari dagokionez, eta EITBk komunikazio taldeak jasotzen duen finantziazio publikoa handitzea, aipatutako helburuak iristeko moduan izan dadin, behar besteko azpiegitura, bitarteko material eta berezko langileak barne.

“2009ko aurrekontuko ahaleginari eutsiz edo EiTBn egiten den inbertsio publikoaren bilakaera ekonomiaren hazkundearen parekoa balitz, aipatutako helburuei erantzuteko nahikoa ditu egongo litzateke”.

2021erako aurrekontuak, ordea, aurrekoen jarraipena direla uste du ELAk. Pertsonal gastuak %45 inguruan mantentzen dira; funtzionamendu gastuak, berriz, %55 inguru mantentzen dira. Aurrekontuaren proportzio desberdintasun honetan sakonduz, beste enpresa edo profesional batzuek egindako lanak aurrekontuan duen gehiegizko pisua nabarmendu du. “Honek garbi adierazten du produkzio propioaren eta kanporatzen den produkzioaren arteko desoreka”. Kezkatuta dago sindikatua desoreka horrekin, zaila ikusten duelako norabide horretan kalitatezko informazio plural, independiente eta kontrastatua eskaintzea biztanle guztiei, Euskal Herrian albistegien lidergoa lortzea eta EiTB Mediak kalitatezko eduki propioz osaturiko eskaintza osatzea.

Bat dator ELA, egiturari dagokionez, 2021eko erronketako bat bitarteko bakoitzean EiTB Mediaren negozio-unitateetako bakoitzean, egiturazko plantilla identifikatzea dela. “Iruzurrezko kontratazioa eta azpikontratazioak alde batera utzi beharko lirateke eta langile guzti hauen egoera kontsolidatu beharko litzateke.

Ildo beretik, bat dator behin behineko kontratazioa saihestearekin, ez, ordea, dauden langileen eskubideak murrituz (baimenak,…), behar bezalako kontratazioak egiten baizik. “Baino hau gauzatzeko, ez dago aurrekontu partidarik aurkeztu diren zenbakietan”, kexu da.

Horrez gain Administrazio kontseiluan aurkeztutako testuan azaltzen den sailkapen profesionalari dagokionez langile- batzordeekin lanbide deskribapena identifikatu eta adostu egin dela dio. Bada,ELAk gezurtatu nahi du hori. ELA rekin, EITBko lehen sindikatuarekin, behintzat, ez da negoziatu ez adostu.

Honela ba, guzti honengatik, ELA bere kontrako bozka eman zien aste honetan aurkeztu diren aurrekontuei.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.