2021-01-11 17:42
Aldi baterako kontratua duten 50.000tik gorako langileen enplegua finkatzea da helburua. ELA, LAB, CCOO,UGT, STEILAS, SATSE eta ESK hilaren 14an bilduko dira berriz ere, ELAren proposamenaren inguruan adostasun batera iristeko.

ELAk LAB, CCOO, UGT, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuei proposamen zehatza helarazi die: EAEko sektore publiko osoan mobilizazio egutegi bat adostea, greba egun bat ere barne hartuz. Gaur ELA sindikatuaren egoitzan bilera bat izan da mobilizazio konkretuak prestatzeko; hauen helburua da Eusko Jaurlaritzak eta euskal alderdiek, berton zein Madrilen, benetako urratsak egin ditzaten kontsolidazio prozesuak abiatzeko; horrela aldi baterako enpleguak eragindako 50.000 beharginen lanpostua finkatuko litzateke. Bileran izan dira Mahai Orokorreko lau sindikatuak -ELA, LAB , CCOO eta UGT-, baita STEILAS, SATSE eta ESK ere.

ELAk aurrez aldebiko bilera eta harremanetan adierazitzakoak berretsi ditu: gure herriko arlo publikoan enpleguaren diagnostikoa “lazgarria eta jasanezina” da, salbuespenezko irtenbide bat bilatu beharra dago, ezinbestean aldi baterako kontratua medio diharduten 50.000 langileen postua finkatuz, eta helburu hau lortzeko mobilizazioa bultzatu beharra dago.

Horretarako ELAk gainerako sindiktuei proposatu die mobilizazio dinamika bati ekitea, euskal arlo publiko guztian otsail amaiera aldera greba egun bat barne.

Bileran izan diren sindikatuak bat datoz ELAren diagnostikoarekin, eta eragindako kolektiboarentzat irtenbide bat bilatu behar dela uste dute ere; gehienak onartu dute mobilizazioa bultzatu behar dela, eta honetarako une egokia dugula.

Horregatik, bileran parte hartu duten sindikatuek hilaren 14an beste bilera bat egiteko hitzordua jarri dute, ELAren proposamenaren inguruan adostasun bat iristeko.

Bestalde, sindikatu honek azken asteetan harremanak ugaldu egin ditu interino taldeekin, bere posizioaren berri emateko eta egungo egoera aldarazteko mobilizazioaren beharra nabarmentzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.