2019-11-22 09:09
ELAk salatu du Bilboko Justizia Jauregian ez direla oraindik konpondu sotoan erabilitako produktu kimikoek eragindako arazoak.Produktuak toxikoak dira inhalazio bidez, eta begi-narritadura larriak, larruazal-narritadurak eta arnas-zailtasunak eragin dituzte langileengan eta Justizia Jauregira doazen herritarrengan.

Urriaren 18an, 10:00ak aldera, usain sarkorra, kolaren antzekoa, nabaritu zen Bilboko Justizia Jauregian, Buenos Aires kalean, eta kiratsa sotoko -5. solairuari zerion. Denbora aurrera ahala, kirats hori handituz joan zen, eta 5. solairuraino igo zen. Hori zela-eta, larrialdiko ateak itxi behar izan zituzten, epaitegi-aretoetaraino sartzen ez uzteko.

Erabilitako produktu kimikoak MAXLEVEL SUPER eta MAXURETHANE izan dira. Produktu horiek toxikoak dira inhalazio bidez, eta begi-narritadura larriak, larruazal-narritadurak eta arnas-zailtasunak eragin dituzte langileengan eta Justizia Jauregira doazen herritarrengan.

Azken gertaera hori, Justizia Jauregia lurrunaz eta kiratsaz bete zenekoa, abuztuaren amaieran izan zen.

Gertaera bietan, Justizia Administrazioko Prebentzio ordezkariek ez zuten aurretiaz jakin zein produktu erabiliko zen, ezta horrelako produktuak Justizia Jauregian erabiliko zirenik ere. Bertako Prebentzio Zerbitzutik ere ez digute baieztatu horren berri jakingo zutenik.

Joan den ostiralean, azaroak 8, gertaera berdina errepikatu da: kiratsa, sotoko -5 solairuan botatako produktu batengatik.

Egun horretan bertan ELAk salaketa bat aurkeztu zuen Bizkaiko guardiako ikuskariarenean, eta azaroaren 12an Lan-arloko Probintzia Ikuskaritzan.

Bide batez, esan behar dugu Gasteizko Justizia Jauregian antzeko gertaera bat izan zutela, urriaren 24an. Merkataritzako epaitegian eta Lehen Auzialdiko epaitegietan diharduten funtzionarioek kimika-kiratsak arnastu zituzten, eta burukominak eta are goragaleak ere, kasurik txarrenean, jasan zituzten. Oraindik ez dugu jakiterik izan zer produktu erabili ziren, baina gertaera hori ere salatu dugu.

ELAren aldetik adierazten dugu aipaturiko gertaerak bezala, arriskuen prebentzioarekin loturiko beste batzuk ere salatu ditugula; eta orain arte lortu den emaitza bakarra zera da: Lan Ikuskaritzak errekerimendu bat bidaltzen dio Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioari, baina oraingoz, behintzat, errekerimendu horiek guztiak bete gabe daude.

Salatzearren salatu dugu Prebentzio Plana ez dagoela ezarrita, arrisku-ebaluazioak ez direla egin, eta 24 urte geroago egin gabe daudela. Salatu dugu, halaber, Prebentzio Legearen 20 artikulua ez dela bete (larrialdi-neurriei buruzkoa), eta oraindik Euskadiko Justizia Jauregi batek ere ez duela ezarrita, ezta martxan jarrita ere inolako larrialdi-planik.

ELAn ikusten ari gara lan-arriskuen prebentzioaren araudia zaintzen eta kontrolatzen arduratzen diren erakundeek ezin dizkiotela betearazi Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari ezta gutxienezko lege-xedapenak ere. Hori dela-eta, gertakari horiek jurisdikzio eskudunean salatzea aztertzen ari gara, eta ez dugu baztertzen mobilizazioak egin behar izatea ere, Justiziako langileen eta administrazio horretako instalazioetara doazen herritarren osasuna babestearren.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.