2019-05-07 11:46
ELAk Osakidetzari eskatzen dio deialdi faltarengatik langile kolektiboarekin daukan zorra ere onartu eta ordaindu dezan. 2011tik ez da Garapen Profesionaleko deialdirik egon.

Osakidetzak, joan den astean iragarri zuenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia laster batean beteko du. ELAk irabazi zion auzi hura, eta epaiaren arabera Osakidetzak Garapen Profesionalaren 2011ko deialdiari dagozkion atzerakinak, eta sorturiko interesak, abonatu behar ditu. Ordainketa 130 milioi eurokoa da, eta urtea amaitu baino lehen gauzatu behar du.
Azpimarratu nahi dugu ELA izan dela prozedura juridikoa azken muturreraino eraman izan duen sindikatu bakarra, kosta oso altuak ordaintzeko arriskua bazegoen ere. Osakidetzak 2011ko deialdiko atzerakinak ordaintzen ez baditu, epaiaren derrigorrezko betearazpena eskatuko dugu.
Epai hori iazko maiatzean eman zen, eta bertan jasota agertzen denez, Osakidetzako 10.000 langileri soldata-osagarri bat kendu zieten nominatik, nahiz eta hori egiteko arrazoirik ez izan. Alde horretatik gogoratu beharrekoa da Osakidetzako langileen soldataz ari garela, eta soldata hori alde bakarretik murriztu zieten. Murrizketa horri gainerako guztiak gehituz gero, eros-ahalmenaren galera metatua %21eraino iritsi da kidego horretan.
Orduan erabilitako aitzakia, berriz ere, Madrilgo ezarpena zela izan zen. Baina, beste hainbatetan bezala, eta epaiak dioena ikusita, argi dago herrialde honetako agintarien borondatea zein den: politika murriztaileagoak aplikatzea, Madrilgoak baino.
Osakidetzak langileei zordundutako soldata itzultzeko batere borondaterik ez zuenez, errekurtso bikoitza aurkeztu zuen: bat EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta beste bat Auzitegi Gorenaren aurrean. Martxoan Auzitegi Gorenak ez zuen onartu Osakidetzaren errekurtsoa, eta orain, Auzitegi Nagusiak ziurrenera bestea ezetsiko zuelakoan, Osakidetzak ez du beste irtenbiderik ikusi, zor duena ordaindu behar duela onartzea baino.
Azpimarratu behar dugu erabaki hori Osakidetzak ez duela gogo onez hartu, hartara behartua baizik; eta azkenean egin behar izan du aurreko 8 urtetan egin nahi izan ez duena. Horretarako, auzitara jo behar izan dugu, eta mobilizazioak antolatu, bai bakarrean, bai beste sindikatu batzuekin batera.
Dena dela, gogoratu beharrekoa da ordainketa horren bidez Osakidetzak, garapen profesionala dela-eta, duen zorraren zati bat besterik ez duela abonatuko, zeren ez baitizkie abonatuko eraginpeko langileei deialdi ezagatik jaso gabe utzitako diru-kopuruak.



Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du bere plantillan: batetik, garapen profesionalera iristea izan dutenak, eta beraz osagarria kobratu edo kobratuko dutenak; eta bestetik, merezimendu berdinak izan arren, kobratuko ez dutenak edo zegokiena baino gutxiago kobratuko dutenak, Osakidetzak deialdietan parte hartzeko aukera eman ez dielako, ez baitu deialdirik egin 2011. urtetik hona, arauetan eginbehar hori ezarrita bazegoen ere.
Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du, eta guk behin eta berriz salatu izan dugu, orain behingoz amaitzeko eskatu arte. ELAn auzitara jo dugu diru-kopuru horiek erreklamatzeko: 1.000 erreklamazio indibidualak tramitean daude eta ELAren izenean ere hasi dugu prozedura. Gure eskueran dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu ordainketa hori ere gauzatu dezaten eta mobilizatzen jarraituko dugu Osakdietzak ordainketa hau egiten duen arte. Gaur egun, kolektiboaren parte oso inportante bat dago kaltetuta azkeneko 8 urtetan egondako deialdi ezarengatik (25.000 bat langile).
Bertan behera utzitako deialdiagatik eta 2012tik egin ez direnengatik zor diren diru-kopuruak 280 milioi eurokoak baino gehiagokoak dira; eta, lehen esan bezala, munta horretatik zati bat bakarrik abonatuko da (130 milioi). Osakidetzak argiro adierazi du ez duela asmorik deialdi-ezagatik ordaintzeko.
Hori horrela, berriro eskatu behar ditugu hurrengo puntu hauek:
1.- Deialdi ezaren eraginpeko langileei zor zaizkien diru-kopuruak ordaintzeko eskatzen dugu, osagarria kobratzen hasi behar zirenetik sorturiko atzerakinak barne. Horrela bakarrik bukatuko da gaur egun dagoen soldata-eskala bikoitza. Ez dugu murrizketarik onartuko.
2.- Garapen profesionalaren eredu berri bat negoziatzeko eskatzen dugu. Eredu berria irizpide objektiboetan oinarritu behar da, ez du diskriminaziorik sortu behar, oraingoan gertatzen den ez bezala. Hasiera-hasieratik azaldu dugu gure desadostasuna oraingo ereduarekin, eta alternatibak proposatu ditugu.
3.- Osakidetzako langile guztiei aplikaturiko murrizketa guztiak lehengoratzeko eskatzen dugu.

ELAn osasun-sistema unibertsal eta kalitatezkoaren alde agertuko gara aurrerantzean ere.

 

Euskal Herria, 2019ko maiatzaren 7a.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.