2020-05-06 14:29
Plan horrek osasun irizpideak lehenetsi eta irizpide pegagokikoak aintzat hartu behar ditu, ELAk hezkuntza sailari helarazi dion dokumentuan jasotzen den moduan.

Krisi honen kudeaketan Hezkuntza Saila hartzen ari den neurri eta erabaki ororen berri komunikabideen bitartez ari da izaten sindikatua. Ez da langileen ordezkariekin inolako parte hartze errealerako esparrurik egon ez eta negoziaketa prozesurik ere. Honek agerian uzten du hezkuntza sailak bere langileekiko duen errespetu falta eta mespretxua.

Azken egunotan deseskalatze prozesua dela eta hainbat informazio anabasa heltzen ari zaigun honetan, hezkuntza saila ikasketa presentziala berrabiarazteko aukera aztertzen ari da zenbait hezkuntza etapetan, 6 urtetik beherako ikasleak dituzten etapak hauen artean, edota gelako ikasle kopurua murrizteko aukera.

Hezkuntza sailak ez du oraindik ordea, ikastetxeetako jarduera berrabiarazteko ez plan ez prozedura zehatzik ofizialki plazaratu. ELAk bere buruari galdetzen dio pedagogikoki posible den 6 urtetik beherako umeek distantzia soziala mantentzea. Gure ustez hau ez da posible, ezta umeak besotan hartzean maskarila, babes pantaila, guante eta bestelako babes neurriekin aritzea. ELAren ustez lanerako bueltak eragiten dituen kontziliazio arazoak enpresa pribatuen interesen arabera kudeatzen ari dira, gure seme-alaben beharrak kontuan hartu beharrean. ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio gurasoek testuinguru honetan beharrezko izango dituzten baimenak hartu ahal izateko beren ohiko soldaten tamainako prestazio soziala ezartzea, eta zaintza beharrak lehenestea enpresa-irabazien gainetik.

Era berean egoera honen aurrean, ELAk Hezkuntza Sailari, Hezkuntza arloko deseskalatze prozesurako plana sindikatuokin negoziatzeko eta hezkuntza komunikatearekin partekatzeko deia luzatzen dio.

Aldi berean, sindikatuak helarazi dizkion dokumentuetan jaso bezala (ikus dokumentua), plan horrek osasun irizpideak lehenetsi ditzala eta irizpide pedagogikoak aintzat har ditzala galdegiten dio, irizpide hauen baitan hartu beharreko neurriak gauzatzeko beharrezko giza baliabideak zein baliabide materialak hartzea ahalbideratuz.

 

 

HEZKUNTZA ZENTROETAKO JARDUERA BERRABIARAZTEKO PLANAK jarraitu beharreko ildoak

ELA SINDIKATUAREN PROPOSAMENA

ELAren ustez, plan honek bi zutabe nagusi izan beharko lituzke; alde batetik, langileen ordezkariekin negoziatutako eta hezkuntza komunitatearekin partekatutako prozesua izatea. Bestetik, osasun irizpideetan eta irizpide pegagogikoetan soilik oinarritutako prozesua izatea, lehenengoak lehenetsiz eta bigarrengoak kontuan hartuz.

Aurrekoa abiapuntutzat hartuta, ELAk Hezkuntza sailari ikastetxeetako jarduera berrabiarazteko plan bat adosteko prozesua abian jartzeko galdegiten dio, plan horretan jasotako irizpide orokorrak ikastetxe bakoitzera egokituak izan daitezen.

Plan horrek jarraitu beharrek irizpide orokorrak ondorengoak lirateke:

1.- Hartzen diren neurriak Osasun irizpideen zein irizpide pedagogikoen baitakoak izatea, lehenengoak lehenetsiz eta bigarrengoak kontuan izanez.

2.- Neurri horiek langileen ordezkariekin partekatuak eta negoziatuak izatea

3.- Neurri horiek abian jartzeko beharrezko diren giza baliabideak, baliabide materialak zein enplegu beharrak ahalbideratzea, langileek lana eta familia uztartzeko beharra ere kontuan hartuz eta ahalbideratuz.

4.- Lanpostu edo kolektibo bakoitzarentzat beharrezko lirateken babes neurriak modu egokian zehazteko ezinbestekotzat jotzen dugu lanpostu bakoitzaren arrisku mailak identifikatzea. Honek lanpostu bakoitzerako ebaluazio espezifikoak egitea eskatzen du.

5.- Neurri orokor gisa, propagazio arriskuak irauten duen bitartean urrutiko lan sistemak lehenesten jarraitzea (telelana).

6.- Propagazio arriskua jeisten doan heinean hartzen diren neurriak gradualak eta hezkuntza etapa bakoitzari zein ikastetxe bakoitzaren ezaugarri arkitektoniko, espazio eta gainerako ezaugarriei egokituak izatea.

7.- Ikastetxeetako jarduerak abian jarriko badira, partzialak izanda ere, aldez aurretik ikastetxeak erabat desinfektatuak izatea zein sistematikoki modu presentzialean zentruan egongo diren pertsona guztiei, (bai langile bai ikasle, guraso eta hezkuntza komunitateko gainerako pertsonei) ikastetxera joaten hasi aurretik eta aldioro temperatura hartzeak egitea.

8.- Ikastetxeetako jarduerak abian jarriko badira, kutsadura arriskua ekiditeko antolakuntza neurriak bermatzea, besteak beste:

  • 2 metroko gutxieneko distantzia langile zein ikasleen artean. Honek ezinbestean gelako ikasle kopurua- ratioa- erradikalki murriztea (HH eta LH etapetan ezinezko ere bihurtzen du ikasketa presentziala), sarrera zein irteeretarako txandak antolatzea, edota ikastetxe barruko joan-etorrietarako ibilbideen seinaleztapena dakar.

  • Amankomunak diren espazioen garbitasunaren maiztasuna gehitzea eta espazio hauen erabilera mugatu zein orohar garbiketa- eta desinfekzio-lanak areagotu

  • Bilera presentzialak eta bilera hauetako kide kopurua murriztea

  • Gelako ikasle kopurua murriztu behar bada ikasketa presentziala murriztu beharko da geletan errotazio handiagoa izatea bermatzeko. Posible den eskola eta institutuetan beste etapa batzuetako ikasgelak erabiltzea ahalbidetu beharko da desdobleak egin ahal izateko.

  • Eskolarako garraio sistemak berrikusi behar dira, garraio kolektiboa posible egin ahal izateko.

9.- Ikastetxeetako jarduerak abian jarriko badira, kutsadura arriskua ekiditeko babes neurri kolektiboak ezartzea, besteak beste aireztatzea gehitzea, banaketa manparak jartzea edota xaboi edota gel hidroalkoholikoak bermatzea.

10.- Ikastetxeetako jarduerak abian jarriko badira, kutsadura arriskua ekiditeko banakako babes neurriak erraztea, besteak beste, eskularruak, maskarilak edo langile bakoitzaren lanen araberako banakako babes neurriak.

11.- Behar bereziak dauzkaten ikasleei laguntza berezia eman beharko zaie.

12.- Testuinguru sozioekonomiko konplikatuak dauzkaten auzo eta herrietan errefortzuak ezinbestekoak izango dira.

13.- Hezkuntza komunitate guztiak arauak betetzeko baliabideak ezarri beharko dira. Baliabide horiek ikuspuntu pedagogikotik ezarri behar dira.

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.