2019-04-11 11:32
ELAk uste du ezinbestekoa dela mobilizazio soziala pentsioak hobetuko badira. Horregatik bat egin du larunbat honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango diren mobilizazioen deialdiarekin, eta parte hartzera deitu ditu bere militanteak. Hauek dira hitzorduak: Eguerdiko 12etan Gasteizen (Artium), arratsaldeko 5etan Donostian (Alderdi Eder) eta seietan Bilbon (Jesusen Bihotza) eta Iruñean (Gaztelu Plaza).

Sindikatuak honen inguruan hiru kontu nabarmendu nahi ditu: lehena, pentsio duinagoak lortu beharra; gutxieneko zenbatekoa 1.080 eurokoa izan dadila, Europako Karta Sozialean ezarritako irizpideen arabera.

Bigarrena, pentsio-sistema publikoa sendotu beharra dago. Pentsio-sistema osagarri edo pribatuak ez dira harentzako alternatiba. Beharrezkoa da pentsio-sistema publikoaren estaldura hobetzeko borrokatzea, eta azken hamarraldietan ezarri diren murrizketak bertan behera uztea (hauek eragin dute pentsio berriak txikiagoak izatea, erretiro adina atzeratzea eta eros-ahalmena galtzea), batik bat kontutan izanik jendarteko sektorerik ahulenek -esaterako, emakume pentsiodunek- dituzten pentsio kaskarrak eta pobrezia.

Azkenik, pentsioak berton erabaki behar dira. Gizarte-Segurantzari buruzko benetako erabaki-ahalmena beharrezkoa da. Kudeaketa eskualdatzeak ez du egungo pentsio ereduaren arazorik konponduko, are gutxiago EAJk eta PSE-EEk egungo gobernua osatzean adostu zuten moduan, partziala eta baldintzatua baita.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.