2020-03-18 16:47
Koronabirusak sortutako egoera honen aurrean, ELAk Correosi eskatzen dio bertan behera utz dezala bulego eta zentroetan langileen aurrez aurreko jarduera guztia, funtsezko zerbitzuak mantentzeko izendatutakoak izan ezik.

ELAk berretsi nahi du, pairatzen dugun krisi larriaren aurrean, langileen eta gizarte osoaren osasunaren eta segurtasunaren defentsan erabateko lankidetzarako borondatea duela.

Hori dela eta, Arabako eta Bizkaiko posta-zerbitzuetako langileen artean COVID-19ko zenbait kasu egiaztatu direla jakin denez, ELAk Correoseko zuzendaritzari eskatu dio berehala har ditzala osasun-babeserako neurri guztiak langile guztientzat, bai eta erabiltzaileentzat ere.

ELAk funtsezko zerbitzuak finkatzea eta funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiaraztea eskatzen du, zerbitzua mantentzeko beharrezkoak ez diren pertsona guztien aurrez aurreko jarduera bertan behera utziz.

ELAk uste du langileen %25 izango dela, gehienez ere, posta-zerbitzu unibertsala emateko beharko litzatekeena, zerbitua txandatuz eman daitekeelarik.

Eskatzen dugu, halaber, Correos-ek inplementatu ditzala telelanaren modalitatearen bidez gara daitezkeen funtsezko zerbitzu guztiak modu horretan egin daitezen, eta, posible ez bada, har ditzala lantokietara joan behar duten pertsonen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak.

Babes-ekipamenduei dagokienez (maskarak, eskularruak eta gelak) logistika, banaketa eta sareko kolektiboetan dagoen hornikuntza eza orokorraren aurrean, ELAk horiek berehala hornitzea eskatzen du, eta ohartarazten du bestela plantillen osasuna babesteko legez ezarritako prozedurak hasiko dituela.

Correosi gogorarazi nahi diogu langileekiko konpromisoa, egunez egun erakusten baitute zerbitzu publiko bat emateko erantzukizuna dutela.

Era berean, ELAk eskatu du bertako langileei aplikatzen zaizkien neurri horiek Correos zerbitzuko azpikontratetako langile guztiei aplikatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.