2019-11-12 12:39
Boliviako Estatu Plurinazionalean estatu kolpea gauzatu izana gaitzetsi du ELAk, eta elkartasuna adierazten die Evo Morales presidenteari, erakunde sindikal eta sozialei eta Boliviako herriari.

Hauteskundeen ostean izan ziren protesten harira, Evo Morales presidenteak hauteskundeak errepikatzea onartu zuen, zalantzan zegoen hauteskunde-auzitegiaren erabateko berrikuntza bermatuz. Hala ere, eskuin boliviarrak ukatu egin zuen aukera hori eta dimititzea exijitu zion. Ondoren, goi agintari militarrek eta poliziak presidentearen dimisioa "eskatu" zuten.

Evo Moralesek eta bere gobernuko beste kide batzuek dimititzea erabaki zuten, armagabetutako herriaren, emakume eta gizon xumeen aurkako indarkeria-espiral bat saihesteko, oposizioa babesten duten taldeek iraindu, umiliatu eta arraza-gorrotoko krimenak egin baitituzte.

ELAtik gure elkartasuna adierazten diegu Evo Morales presidenteari, erakunde sindikal eta sozialei eta Boliviako herriari. Evo Moralesen gobernuko kideen eta haren jarraitzaileen osotasun fisikoa errespetatzeko exijitzen dugu. Horrez gain, dei egiten diegu Europako gobernuei eta Europako erakundeei beren gain har dezaten Boliviaren eta haren erakundeen demokrazia eta subiranotasuna errespetatzeko jarrera, izandako kolpearen eta kaleetan erabilitako indarkeriaren gaitzespen argiarekin eta herrialdean bakea bermatzeko behar besteko ahaleginak egiteko konpromisoarekin.

Beste aldetik, dei egiten diogu euskal gizarteari hurrengo egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera. Hauek dira mobilizazioak:

Azaroak 15

- Bilbon, 19:30ean, Arriagan.

- Donostian, 19:30ean, Bulebarrean.

- Gasteizen, 19:30ean, Andra Mari Zurian.

- Iruñean, 20:30ean, Udaletxe plazan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.