2018-05-08 15:18
Akordio honekin, langileek galdutako eros ahalmena berreskuratzen da, KPI gaineko soldata igoerak izango dira eta enpleguan, behin-behinekotasuna % 6ra jaisteko neurriak jartzen dira mahai gainean.

 

Bilboko udaleko ordezkariek eta ELA, eta langileen ordezkarien batzordeak osorik (ELA 14, LAB 5, SVPE 4, CCOO 2) Bilboko udaleko langileentzako hitzarmena sinatu dute gaur. Akordio honek udal enpresetan lan egiten duten langileei ere eragingo die.

Lorturiko akordioak 2 urterako iraunaldia dauka, eta indarraldian azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratuko da. Soldatei dagokienez, KPIa bermatuta, beraren gainetik igoerak izango dira.

Enpleguan, behin-behineko langileen egonkortasuna lortzeko neurriak hitzartu dira. Honela, Bilboko udaleko langileen behin-behinekotasun tasa % 6ra jaisteko bidea ahalbidetuz, horrela, sektoreko hitzarmenek esaten dutena betez.

Gainera, pribatizazioei mugak jartzeko neurriak hartzen dira bertan, pribatizaturiko udal zerbitzu bat berreskuratuz.

ELAk azken urteetan Bilboko udalean markaturiko lan ildoa honakoa izan da: murrizketak ez aplikatu eta aldebakarrekoz aplikaturikoak berreskuratu, galdutako erosahalmena berreskuratu eta lanpostuak egonkortu. ELAren aldarrikapenak barnebiltzen dituen akordioa sinatu dugu gaur.

Mobilizazioa klabea izan da negoziazio honetan: azken hilabeteetan izandako bi lanuzte eta mobilizazioak (otsailaren 28an sektorekoa eta Martxoaren 8an mugimendu feministak deitutakoa), udalean behin-behineko langileek egindako kontzentrazio jendetsuak eta langileek erakutsitako indarra.

ELAk dei egiten die Euskal Herriko gainontzeko instituzioei, Udalei, Foru Aldundiei eta Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei, politika ezberdinak egin ditzatela, eta gure autogobernuaren defentsan, langileon lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hobetzeko neurriak hartu ditzatela behingoz. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.