2019-03-01 15:07
Martxoaren 13an eta 28an sindikatuak langileak kalera ateratzera deitzen ditu sektorearen pribatizazioaren kontra, lan baldintza prekarioekin amaitzeko eta Eusko Jaurlaritzak sukalde eta jangelen kudeaketa guraso elkarteen esku uzteko hartu duen erabakiaren kontra.

Sukalde eta garbiketan lan egiten duten langileak Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten duten kolektibo prekarizatuena eta feminizatuena dira, eta hau ez da kasualitatea. Martxoaren 8ko grebaren atarian, Eusko Jaurlaritza eta agintean dagoen alderdia jada egun hau erabiltzen eta despolitizatzen ari dira atxikimendu formala emanez sakoneko aldaketarik planteatu gabe. Jaurlaritzak  emakumeon*  lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresna paregabeak dauzka eta genero diskriminazioaren aurkako borrokan eredu izatetik urrun, bere ardurapeko arloetan genero diskriminazio egoeren sortzailea da. Honen adibide garbia da Hezkuntzako sukaldari eta garbitzaileen kolektiboa.  Sukaldarien %88a eta garbitzaileen %91 emakumezkoak dira, behin-behinekotasuna %70ekoa da, soldata arrakala nabaria da (Eusko Jaurlaritzan, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala %24koa da), beren lanaren balioa (funtzio eta kategoriak) ez da aintzat hartzen eta sektorearen profesionalizazioari uko egiten zaio behin eta berriz (emakumeok urteetan zehar dohainik eta aitortzarik gabe egin ditugun lanak baitira)...

Aurreko bi ikasturteetan aurrera eraman genituen greba eta mobilizazioetan, sukaldeko kolektiboak bizi duen prekarietate egoeraren salaketa egin genuen eta egoera honi buelta emateko aldarrikapen zehatzak mahai gainean jarri genituen. Kolektiboaren pribatizazioa, soldata arrakala eta eros ahalmenaren galera, behin-behinekotasun maila izugarriak, funtzio eta kategorien aitortza eza eta gehiegizko lan kargak salatzen genituen besteak beste. Azken hamarkadetako mobilizazio eta greba arrakastatsuenak aurrera eraman genituen arren, kolektiboaren aldarrikapen eta arazoei inondik inora erantzunik ematen ez zien akordioa sinatu zuten LAB, CCOO eta UGTek, ELAren iritziaren kontra.

Ikasturte berriarekin, are nabarmenago geratzen ari da sektorearen arazo estrukturalak ez direla konpondu, urtero errepikatzen diren arazoak aurten ere berdin jarraitzen dutela eta sektorearen pribatizazioa aurrera doala pixkanaka. Testuinguru honetan, urtarrilean eta prentsaren bidez, gardentasunik gabeko eta ELAri parte-hartzeko betoa ezarri zitzaion urtebeteko prozesu baten ondoren, eskoletako jangelen kudeaketaren inguruan aldaketa oso larri bat planteatzen du Jaurlaritzak: eskola publikoetako guraso elkarteei sukalde eta jangeletako kudeaketa  osoa bere gain hartzeko aukera ematea, langileen kontrataziotik hasita, pribatizaziorako ate berri bat irekiaz eta langileen lanpostuak eta lan baldintzak kolokan jarriz. Egoera honen aurrean, Hezkuntza Sailari berriz ere negoziazio mahaia berehala deitzeko eskatu diogun arren  ez dugu inolako erantzunik jaso (ia urtebete daramate mahai negoziatzailerik deitu gabe, akordioa sinatu eta mobilizazioak bertan behera geratu zirenetik).  Eta berriro ere, ELAren eskubide sindikalak eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz, mahai negoziatzailetik kanpo ari dira gai hau ere tratatzen edota negoziatzen (mahai parekidea, jarraipen batzordea, sindikatuekin bilera bilateralak...).

ELA sindikatutik argi daukagu zein den Eusko Jaurlaritzaren asmoa sektore honekin: %100ean pribatizatzea. Askotan esan dugun moduan teknikoki pribatizatuta dagoen sektore bat da:  %90ean pribatizatuta, %70eko behin-behinekotasunarekin, 55 urtetik gorako bataz besteko adina duten langileak, sukaldeak eraikinetatik desagertzen ari dira... Eta Hezkuntza Sailak erabakita dauka bere etorkizuna aspalditik: sektore hau desagerraraztea. Jantokien kudeaketa osoa guraso elkarteen esku uzteko erabaki larria izebergaren punta besterik ez da, eta beraz, arazoaren erroetara jo eta ELA sindikatutik sektore honen aldeko apustu sendo bat egingo dugu, beti egin dugun moduan.

Sektorearen biziraupena dago jokoan, eta ELA sindikatuan argi daukagu (eta azken bi urtetan gertatutakoak honetan berresten gaitu) greba eta mobilizazioak direla Jaurlaritzaren erabakiak beste norantza batetan kokatzeko bide bakarra. Badakigu Eusko Jaurlaritzak berehalakoan arautu nahi duela eskola jantokien inguruan egin duen proposamena eta honek erantzuna lehenbailehen ematera behartzen gaitu. Gainerako sindikatuekin erantzun bateratua adosten saiatu garen arren azken hilabetean zehar momentuz ez da posible izan eta egoeraren larritasuna eta urjentzia ikusita ezin dugu  gehiago itxaron. Beraz, ELAk EAEko Hezkuntza Saialarentzat zuzenean lan egiten duten sukalde eta garbiketako langileak grebara deitzen ditu martxoaren 13 eta 28an pribatizazioari eta jaurlaritzaren azken erabaki honi ezetz esateko, lanpostuen kontsolidazio prozesu bat exijitzeko, sektorea profesionalizatzeko apustua egiteko, lan kargak arintzeko, eros ahalmena berreskuratu eta soldata arrakalarekin amaitzeko, eta orohar sukaldari eta garbitzaileen lan baldintzak duintzeko eta azken urteetako murrizketei buelta emateko. Gainerako sindikatuei ere dei egiten diegu egoera larri honen aurrean erantzun eta funtsezko lan baldintzak defendatzera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.