2020-05-22 13:00
Enpresak langileen eskaera guztiak onartzeaz gain, urtean egiten diren ordu osagarrien %30a kontsolidatzea ere lortu dute mobilizazioek, lanaldi partzialak orokortuak dituen sektore honetan oso garrantzitsua dena.

ELAk Lidl Supermerkatuetan abiatutako mobilizazioak akordioarekin amaitu dira; apirilaren 30ean lanuzteak egin ziren, eta gaur eta bihar greba deialdi berriak zeuden eginak.

Mobilizazioek langileen artean jarraipen handia izan zuten, ondoeza nabaria baitzen enpresak covid19ak eragindako osasun krisian egin duen kudeaketagatik. Beharginen aldarriak honokoak ziren: segurtasun handiagoa, gehiegizko lana arintzeko kontratazio berriak, azken hiletan egindako ahalegin handia konpentsatzea eta sartu diren gehiegizko orduak hobeto saritzea. Eskaera hauek, azkenean, aintzat hartu ditu zuzendaritzak, eta gainera, urtean egiten diren ordu osagarrien %30a kontsolidatzea lortu da ere.

Lorpen hauek berebiziko garrantzia dute, sektore honetako langileek pandemia garai honetan egin duten lan izugarria aitortzen delako. Lortutakoa are pozgarriagoa da lanaldi partziala orokorra den asektore feminizatua eta prekarizatua delako. Ordu osagarriak kontsolidatuta kolektibo honen baldintzak duintzeko aurrerapausoa egin da, gaur arte enpresak eskaintzen zituen lanaldi eskasak luzatu egingo baitira.

Urrats garrantzitsua da, baina ez soilik Lidleko langileentzat, elikagaien merkataritzako behargin guztientzat baizik. ELAk duela hainbat aste aldarrikatu zuen sektore honetako langileek lan baldintza duinak behar zituztela, adierazpen ederrak edo limosnak ordez. Enpresak aberasten ari dira krisian langileen konpromiso eta ahaleginhandiarekin, eta etekin horiek sortzen dituztenengana, langileengana, iritsi behar dira.

Horregatik, sektoreko langile guztiei dei egiten diegu mobilizatzera eta lan baldintzak hobetzeko borrokarekin bat egitera. ELAk prekaritatearen aurka eta baldintza duinak lortzeko borrokari heltzen dion kolektibo orori lagunduko dio.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.