2019-02-15 12:52
ELAk berretsi egin du atzo esandakoa: sektorearen %50etik gora ordezkatzen duten zahar-etxeetako bi patronalekin aurreakordioa badauka. Ez da egia Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikatu batean esan duena, hots, ELAk gezurretan dabilela, aurreakordiorik ez dagoela eta administrazioak soilik sindikatuaren alde bakarreko proposamena jaso duela.

ELAk berretsi egin du atzo esandakoa: sektorearen %50etik gora ordezkatzen duten zahar-etxeetako bi patronalekin aurreakordioa badauka. Ez da egia Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikatu batean esan duena, hots, ELAk gezurretan dabilela, aurreakordiorik ez dagoela eta administrazioak soilik sindikatuaren alde bakarreko proposamena jaso duela.

Sindikatuak nabarmendu duenez, Maite Peña Gizarte-Politikako diputatuak berak aurreakordioaren berri izan du patronalekin eta ELArekin parte hartu duen bileretan.

Horregatik, ELAren zerbitzu juridikoa aztertzen ari da Aldundiko arduradunen azken egintzak eta adierazpenak, legez kanpokoak izan ote daitezkeen ikusteko; izan ere, atzokoarekin propio eta modu maltzurrean sindikatu honen legitimitateari erasan nahi baitiote, sektorean 1.000tik gora afiliatu eta dozenaka delegatu dituelarik.

Aldundiak esaten du proposamena mahaitik kanpo egin dela eta negoziazio kolektiboa ez dela bere eskumena, baina erakunde horretako agintariek harremanak izan dituzte sektoreko sindikatu eta patronal guztiekin, lan-hitzarmenari buruzko gaiak aztertu eta negoziatzeko. Areago, Gipuzkoako Foru Aldundiak berak sustatu ditu negoziazio hauek, baina aurreakordioa iritsi denean leherrarazi egin du, garestiegia dela esanez.

Astelehenean negoziazio-mahaia bilduko da, eta ELAk eutsi egingo dio iritsitako aurreakordioari; hauek dira jasotako puntu batzuk:

- Hitzarmen probintziala berreskuratu eta enpresa hitzarmenak berritzea.

- Lanaldi osoa eta kontratu mugagabea sektoreko langileentzat.

- KPIz gaindiko soldata igoerak, soldata arrakala desagerrarazteko.

- Lan- eta famili-bizitza kontziliazioaren hobekuntza.

- Jaiegun eta asteburuetako plusen taxuzko hobekuntza.

Horregatik, azken egunetan izandako batzarren ondoren, ELAk mantendu egingo du otsailaren 20an hasiko den greba deialdia; sektoreko langileei dei egiten die aurreakordioan iritsitako edukia gauzatzen saia daitezen.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.