2019-03-26 22:45
EAEko Hezkuntza Publikoko hauteskunde sindikaletan Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko, UPV/EHUko eta Gipuzkoako Haurreskolak Partzuergoko langileek bere ordezkariak hautatu dituzte. Guztira 306 ordezkari hautatu dira, 216 unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan eta 90 UPV/EHUn. Horietatik ELAk 68 ordezkari lortu ditu, bere ordezkaritza mantenduz. Irakasle Funtzionarioetan bere ordezkari kopurua berretsi du, 22 ordezkarirekin.

Sukalde eta garbiketako langileen artean bi ordezkari gehiago lortuz lehen sindikatu izatera pasa da. UPV/EHUn ere ordezkari bat gehiago lortu du orotara 2 ordezkari gutxiago hautatzen zirenean. Erlijio irakasleetan 2 ordezkari gutxiago izan arren, ordezkaritza 2,1 puntutan igo du (4 ordezkari gutxiago aukeratzen ziren). Eta lan-legepeko irakasleen eta heziketa bereziko langileen artean ordezkari bat galdu du. Orotara, duela lau urte zituen 68 ordezkariak mantentzen ditu.

Bestalde, gaur hautatu dira Gipuzkoako Haurreskolak Partzuergoko ordezkariak ere. Bertan ELAk ordezkari bat gehiago lortu du, guztira Haurreskolak Partzuergoan bere ordezkaritza 6ra igoz.

Emaitza hauek oraindik ere behin-behinekoak dira. Izan ere, bozken kontaketarekin arazo ezberdinak egon dira eta hainbat erreklamazio oraindik ebatzi gabe daudenez azken emaitza alda dezakete.

ELAk egoera larri honen erdian hauteskunde sindikal hauetan parte hartu duten langile guztiak zoriontzen ditu eta ELAri babesa eman dietenak eskertu.

Azken urteetan eginiko bideak eta jasotako babesak orain arte eginiko bidean sakontzeko gure konpromisoa berrestera garamatza. Zerbitzu publikoen eta euskal eskola publikoaren defentsan, hezkuntzan inbertsioa handitu, lanpostuak gehitu eta kontsolidatu, behin-behinekotasuna murriztu, lan-kargak arindu, murrizketei buelta eman, kalitateko hezkuntza garatzeko lan-baldintza bermatu eta ezinbestekoak diren baliabideak eta prestakuntza lortzeko lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa dugu, baita horretarako beharrezkoak diren langileon antolakuntza, boteretzea eta greba eta mobilizazioak aktibatzen jarraitzeko ere.

Erronka handiak ditugu aurrean: hezkuntza sistema sakon kaltetzen ari diren murrizketa etengabeak alde batetik eta gure hezkuntza sistema goitik behera kontrolatu eta txikitzea helburu duen hezkuntza erreformak bestetik. Gaur jasotako babesarekin eta ikastetxe guztietako langileen, familien, ikasleen eta herritarren lana, antolakuntza eta borrokarekin ziur gaude aurre egingo diegula.

Ikusi emaitzak

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.