2018-09-13 17:43
Doneztebeko institutuan lan egiten zuen eta Ataunen bizi zen. Ataundik lan zentrora zihoan istripua izan duenean.

 

ELAk jakin ahal izan duenez, gaur, irailak 13, lan istripu hilgarri bat gertatu da N-121 errepidean, irakasle bat Ataungo bere ohiko bizilekutik Doneztebera zihoanean. Ezbeharrari dagokionez, ELAk salatu nahi du milaka irakasle interinok bizi duten prekarietatea. Behin-behineko irakasle hauek beraien ohiko bizilekutik urrun dauden ikastetxeetan lan kontratuak hartzera behartuta daude, egunero errepideetan beraien bizitzak arriskuan jarriz. Zentzu honetan Nafarroako Hezkuntza Departamentua irakasle hauen mugikortasun geografikoaren erantzule da, ez baitio daukagun behin-behinekotasun altuari (% 33tik gorakoa) eta ezegonkortasunari irtenbiderik ematen. Horrela behin-behineko irakasleak urteak joan eta urteak etorri, beraien ohiko etxebizitzetatik urrun dauden lan zentro desberdinetan lan egitera behartuta daude.

Gaur 17 pertsona dira Nafarroan 2018an beraien lanpostuan hildako pertsonak, hauetatik 11 azken bi hilabeteetan. ELAk exijitzen du langileriak bizi duen prekarietatea deuseztatuko duten neurri publikoak hartzea, are gehiago, Administrazioak langile hauen ardura zuzena duenean.

Azkenik, ELAk bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei, eta urtero 50 pertsona baino gehiagoren heriotza eragiten duen lakra honen aurka mobilizatzeko deia luzatzen du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.