2020-03-17 16:27
ELAk bat egiten du Mugimendu Feministak deitu duen zaintzen kudeaketari heltzeko krisi mahaiarekin eta Gobernuak bertan esertzera deitzen ditu. Aldi berean, instituzioak interpelatzen ditu koronabirusak eta honi aurre egiteko neurriek sortutako premiazko zaintza beharrei berehala erantzuteko. Hutsune hori betetzeko herri eta auzotan sorturiko erantzun kolektiboak (Zaintza Sareak...) oso positibotzat jotzen ditu beti ere azpimarratuz erantzukizun politikoa instituzioena dela eta hori aldarrikatzen jarraituko dugula.

Interes ekonomikoak eta kapitala lehentasun dituen sistema honentzat normalitatea bizitzaren prekaritatea da, aberastasun bidegabearen pilaketa, lan istripuak dira, pobreziaren gorakada da, emakumeak erasotuak, bortxatuak eta erahilak izatea da, errefuxatu eta etorkinekin egiten den nekropolitika da edota aldaketa klimatikoa eta politika ekozidak, besteak beste.

Krisia aldiz, gutxi batzuen irabazi ekonomikoak arriskuan jartzen dituena. ELArentzan aldiz, Koronabirusarekin bizitzen ari garenak azalera ekarri du berriro ere kapitalismoa, heteropatriarkatua eta arrazismoa krisi sistemiko bat pairatzen ari direla, sistema  honek ez duela funtzionatzen eta zaintzak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu berri bat behar dugula.

Ez daukagu zalantzarik, aurreko krisietan gertatu den bezala, Kapitalak eta gure gobernu neoliberalek shock egoera hau baliatu nahiko dutela beraien austeritate, murrizketa eta pribatizazio politiketan sakontzeko. Zerbitzu publikoak higatzen jarraitzeko. Aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeago bat bultzatzeko. Langileon, eta bereziki egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen (emakumeak, gazteak, migranteak, pertsona arrazializatuak…) prekarizazioa areagotzeko.

ELAtik argi daukagu, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean ozen aldarrikatu genuen moduan, sistema kapitalista heteropatriarkal eta arrazista hau errotik aldatu nahi dugunok, sistema honek funtzionatzen ez duela erakutsi eta zaintzak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu berri bat eraikitzen hasteko momentua dela.

Zaintzen krisia ez da berria eta ELAtik urteak daramatzagu hau salatzen. Zaintza lanak pribatizatuta daude: emakumeok gara gehienbat prekaritate eta esklabutza lan baldintzetan dihardugunak enpleguan edo oihan basati bat den lan merkatu formalean. Hor ditugu, esaterako, azken urteetan Erresidentzietan edota Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan aurrera eraman ditugun greba eta gatazka luze eta gogorrak. Lan sektore prekarizatu eta feminizatu hauetan salaketa bikoitza egiten dugu; alde batetik, lan baldintza prekarioen salaketa eta bestetik, egoiliarrei eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileei ematen zaien arreta eta zaintzaren kalitate faltaren salaketa ere. Hauekin batera eta lan merkatu formaletik at, etxeko langileek eta batez ere langile internoek bizi duten esklabutza egoera edota emakumeok modu ikusezinean, dohainik eta inolako errekonozimendurik gabe egiten ditugun zaintza lanak salatu behar ditugu.

Erresidentziak, etxeak, ikastetxeak edo osasun zentroak emakumeon lantoki izanik ere, koronabirusak prekarietatea feminizatua dagoela argi erakusten digu egunotan zaintza sektoreetatik aparte garbikuntza, elikadura edo telemarketing-a bezalako sektoreetan ikusten ari garen bezalaxe. Hauek funtsezkoak diren lanak egin arren ez dute behar bezalako aitortza ekonomiko zein sozialik.

Gainera, azken urteetan eta krisiaren aitzakia erabiliz aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da sindikatutik behin eta berriro salatu izan ditugun zerga politika eta aurrekontu antisozialen bidez. Honek ondorio larriak ekarri ditu langileontzat, besteak beste, zerbitzu publikoetan (osasungintzan, hezkuntzan, zaintzan…) murrizketa eta pribatizazioak. Baita pobreziaren gorakada ere.

Koronabirusak eta honi aurre egiteko Gobernuek hartutako neurriek aurretik bereziki emakumeok  pairatzen genuen krisi hau ikusgarriago besterik ez du egin, aurretik egoera prekario eta zaurgarrienean geunden pertsonen egoera oraindik eta gehiago belztuz, desberdintasunak areagotuz.

Gobernuak kapitala krisi honetatik “salbatzeko” neurriak planteatzen ari dira, krisi honetatik ateratzean beraien normaltasunak jarrai dezan.

Guretzat ordea normaltasun hori da krisia, bizitzaren prekaritatzea. Krisi honi erantzuteko bestelako premiazko neurri batzuk behar ditugu, langileon, emakumeon, etorkinen, pobrezia egoeran dauden pertsonen bizitzak zaintzeko eta honen erantzukizun politikoa administrazioena da. Instituzioetatik ez datozen neurri horien aurrean, herritarrak antolatu eta herri eta auzotan Zaintza Sareak sortu dira nonahi egoera honi modu kolektiboan erantzuteko.

ELAtik oso positibotzat jotzen ditugu ekimen hauek eta gure militantziari dei egiten diogu ahal den heinean ekimen hauetan parte hartu dezan, beti ere prebentzio eta segurtasun neurriak eta emakume eta gizonen arteko erantzukidetasuna bermatuz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak proposaturiko irizpideen ildotik. Edozein kasutan, zaintza eskubidea bermatzearen erantzukizuna instituzioena dela azpimarratuz, eta hori aldarrikatzen jarraituko dugula.

Baina ELAtik garbi daukagu zaintzen egiturazko krisi honi, COVID 19ak eta honi aurre egiteko hartutako neurriek sorturiko salbuespen egoerak sorturiko premiazko zaintza neurri zehatzez gain, erantzun estrukturalak eman behar zaizkiola eta horregatik bat egiten dugu Mugimendu Feministak deitu duen zaintzen kudeaketari heltzeko krisi mahaiarekin. Zaintza sistema publiko eta duin bat behar beharrezkoa dugulako. Eta Gobernuei dei egiten diegu zaintzaren gaiari behar duen lehentasuna eman eta erantzukizunez joka dezaten.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.