2019-01-29 16:04
Gaur egungo nazioarteko testuinguruan normaltasun osoz hartzen da etekinak sortzeko helburua lehenestea, giza eskubiderik oinarrizkoenak errespetatzearen gainetik. Eta Euskal Herria ez dago testuinguru horretatik at. Israelgo estatuaren ezaugarrietako bat da nazioarteko ebazpenak ez betetzea, eta Palestinako herrian pairatzen diren okupazioa eta diskriminazioa normaltasunez onartzea nazioarteko erkidegoan.

ELAn uste dugu ezin diogula bizkarra eman ezein herriren sufrimenduari. Behar dugun nazioarteko legezkotasuna printzipio demokratikoetan eta giza eskubideetan oinarritu behar da.

Jerusalemgo tranbiaren proiektuak ez ditu betetzen oinarrizko betekizun horiek. Horregatik, proiektuaren testuingurua eta helburua zein diren ikusita, alegia, okupazioa normalizatzea nazioarteko legezkotasunaren aurka, ulertezina egiten zaigu CAFeko Zuzendaritzak lizitazio horretara jotzea. CAFen lan egiten dutenek ez dute merezi berengain hartzea lan hori egitearen erantzukizuna, nazioarteko erkidegoaren gehiengoaren iritziaren kontra, Palestinako lurraldeko okupazioaren kontra baitago.

Hona hemen CAFeko Batzordearen jakinarazpena:

  1. CAFeko Enpresa Batzordea palestinarren giza eskubideen alde agertzen da; eta horregatik, Israelgo estatua 1948. urtean eratu zenetik Palestinako herrian dagoen apartheid eta kolonizazio-egoerak kondenatzen ditugu.
  2. CAFeko Enpresa Batzordeak Palestinako herrian sistematikoki egiten den giza eskubideen urratzea kondenatzen du, eta tinko eskatzen dio Israelgo estatuari estrategia hori bertan behera uzteko.
  3. CAFeko Enpresa Batzordeak bat egiten du Palestinako herriak estatu bat izateko eskubidearekin. Horregatik gatazka horrenpean dauden eragile guztiei eskatzen diegu bakea hiru oinarri hauen gainean eraikitzeko: lurraldea itzultzea, demokrazia eta justizia. Halaber, preso politiko eta errefuxiatu guztiei etxeratu ahal izatea bermatu beharko zaie. Behin errealitate hori gauzatu ondoren, etorkizun politikoa erabakitzeko Palestina historiko osoari dagokion eskubidea onartzearen aldekoak gara.
  4. Aipaturiko tranbiak israeldarren kokaguneak lotuko ditu, palestinarren lurrak desjabetuz ezarri direnak. Gainera, tranbia kolonoentzat bakarrik izango da. Bai ONUko Osoko Bilkurak, bai ONUko Segurtasun Kontseiluak Israelgo kokaguneen politika gaitzetsi dituzte ebazpenen bidez, eta politika hori berehala amaitzeko eskatu. Nazioarteko Justizia Auzitegia ere okupazioaren aurka azaldu da. Gure iritziz, Jerusalem hiriko edozein tranbia-proiektuk palestinar herriaren benetako ordezkarien onespena izan behar du. Oraingo honetan, ordea, palestinarren onespena baino gaitzespena du. Horregatik, Enpresa Batzorde honen aldetik, proiektu horrekiko, lehen aipaturiko baldintzak betetzea eskatzen dugu; eta bete ezean, Zuzendaritza premiatzen dugu lizitazio horri uko egitera.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.