2019-06-13 09:28
Gurutzetako Arreta Psikosozialaren Modulua (MAPSC) orain dela 40 urte sortu zen zenbait familiaren eskutik, arreta psikosozialaren beharra izan eta Osakidetzaren Osasun Mentalaren sarean artatzerik, osotasunean edo zati batean, ez zuten pertsonentzat. Elkarte hori irabazi asmorik gabea da eta onura publikokoa izendatu zen 2018. urtean, eta honez gero 40 urte darama sorrerako helburu hura betetzen.

1990. urtean MAPSCek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Osasun Sailarekin, Osakidetzako osasun mentaleko erabiltzaileen arreta arautzeko; eta aldi berean pauso bat bezala Bizkaiko osasun mentalaren arloan egindako ibilbidea onartzeko eta aitortzeko. Hortaz, Osakidetzara zihoazen gaixoak MAPSCera bideratzen zituzten.

Hitzarmen hori ez zen berritua izan, eta 2012. urtean iraungi zen. Negoziazio antzuen ostean, moduluak urtebete eta erdiz jarraitu zuen erabiltzaileak artatuz boluntarioen lanari esker, baina Sailaren batere diru-laguntzarik gabe. Behin parentesi hori igaro ondoren, 2014. urtean, Moduluak eta Sailak kontratu bat sinatu zuten, zerbitzuak emateko, 5 urterako. Beraz, hitzarmen bat izatetik kontratu bat izatera aldatu zen, baina azken formula hori aurrekoa baino egonkortasun gutxiagokoa da.

Azken bost urte hauetan kontratua normaltasun osoz eta behar bezala bete da. Hala onartu dute Barakaldoko Udalak, lokal baten erabilera moduluari laga baitio, eta baita Eusko Jaurlaritzak ere, orain dela urtebete baino gutxiago MAPSC onura publikokoa izendatu baitu. Hala eta guztiz ere, erabiltzaileen eta haien familien iritzi ona jaso arren, eta MAPSCek Sailarekin hitzarmen berri bat negoziatzeko borondatea izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez du agertu negoziatzeko inolako asmorik.

Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak nahita atzeratu ditu egin beharreko alde biko bilerak, zerbitzuaren iraunkortasuna negoziatzekoak, eta "luzamendutan" ibili da 3 hilabetez, aitzakia xelebreak emanez, eta azkenean negoziazioari ezezko borobila eman dio. Laburbilduz, otsailean Moduluak negoziaziotan hasteko proposatu zuen, maiatzean Sailak erantzun zuen esanez kontratazio-espediente berria izapidetzearen hasiera egokia ote zen aztertuko zutela, eta ekainean zer eginik ez zegoela esan zuen. Sailaren erantzunak ez du aukerarik eskaini; eta hortaz, moduluarekin dagoen kontratua amaitzen denetik aurrera gaixoak Osakidetzaren osasun mentalaren sarean artatuko dira, Osakidetzako plantilla handitu behar izan gabe.

Eusko Jaurlaritzak, batetik, gizartegintzaren hirugarren sektorearen lana goraipatzen du; eta, bestetik, senper-orduan bizkarra ematen dio. Haren geldotasunak ondorio larriak eragingo dizkie moduluan artatzen diren pertsonei eta moduluko 7 langileei (2 psikiatra, 2 psikologo, 2 gizarte-hezitzaile eta administrari 1), horiek baitira kalitatezko zerbitzu horren benetako eusleak.

Alde batetik, gure iritziz gaur arte Moduluan artatuak izan direnen tratamendua ez okertzea zaila izango da, zeren orain arte osasun mentalaren sarean artatu izan diren gaixo ugariei gehitu beharko zaizkie bihartik aurrera modulutik etorriko direnak, eta sailaren esanetan plantilla berarekin, plantillan dagoen profesionalen eskasiarekin, besteak beste psikiatrena. Ez da azalpen luzerik eman behar, arazoaren muinaz berehala konturatzeko: lehengo plantilla berak gaixo gehiago artatu behar baditu, arretaren kalitatea eskasagoa izango da, denboran zehar sakabanatuagoa, jarraipen gutxiagokoa, eta pertsonalizazio gutxiagokoa... Osakidetzako langileen lan-karga, ordea, handiagoa. Ondorioz arretaren kalitatea hondatuko da ezinbestez.

Eta bestaldetik, Sailak ez du ezer esan MAPSCeko 7 langileez, gizartearen alde hainbeste urtez lan egin ostean, haien lan-etorkitzuna, argi esateko, ez omen da Osasun Sailaren ardura.

Zorionez, moduluak baditu herritarren uste ona eta sostengua, batez ere Barakaldoko herritarrenak, eta ugari-ugari bildu dira Gurutzetako plazan, ostegunetako elkarretaratzeetan, eta baita elkartasun-adierazpenak gogotik sinatuz ere.

Bai Zuzendaritza Batzordeak, bai langileek, bai CCOO eta ELA sindikatuok tinko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari arazo honen ardura beregain har dezala, eta gatazka honi konponbideren bat bila diezaiola. Eta Barakaldoko Udalari eskatzen diogu moduluaz ez ahanzteko, eta zerbitzu horren beharraren alde agertzeko. Gure iritziz, ez dago zertan zerbitzua itxi beharrik, bestelako aukerak badaude, eta hainbat proposamen plazaratu dugu, baina orain arte den-denak ukatuak izan dira.

Borondate politikoa aldarazteko, behar-beharrezkoa da mobilizazioa areagotzea. Horregatik ostegunean, ekainak 13, herritarrei eta Osakidetzako langileei dei egiten diegu manifestazioan parte hartzera. Barakaldoko Los Hermanos parketik abiatuko gara, 18:00etan, eta Udaletxearen aurrean amaituko. Ozenki aldarrikatuko dugu: konponbidea orain, Gurutzetako arreta psikosozialaren modulua ez itxi!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.