2019-02-15 08:27
ELAren aburuz, Auzitegi Gorenean egiten ari den Kataluniako lider eta hautetsi independentisten aurkako auzibideak ez ditu soilik pertsona hauen eskubideak urratzen. Aldiz, jokoan daude ere demokraziaren oinarririk behinenak: herritar mobilizazio baketsua, kontsultatuak izateko eskubidea, hautetsiek hauteskundeak deitzeko duten zilegitasuna, boto eskubidea bera, pertsonen askatasuna edo, finean, nazioei beren kabuz erabakitzeko zor zaien eskubidea, beste nazioekin bakean eta berdintasunez zer nolako harremanak izan nahi dituzten ebazteko.

Sindikatuak uste du edozein dela ere auzipetuek jasoko duten zigorra, espainiar estatuak dagoeneko eman duela behin betiko epai bat: herri katalanak ez dauka bere estatus politikoa berrikusteko eskubiderik, eta zigortuta dago estatuko botere formal eta faktikoek alde bakarreko erabakiz ezartzen dituzten unean uneko mugen barnean irautera. Izan ere, 2017ko urriaren 1ean herri katalanak lortu zuen garaipen zibiko, demokratiko eta morala gertatu eta bi egunetara, espainiar monarkak estatuko instituzio, botere eta indar guztiei galdegin zien eman ziezaiotela behin betiko kolpea bulkada demokratizatzaile eta errepublikarrari. Pasa den asteartean hasi den epaiketa agindu horren ondorio da; xedea da estatua eta koroa erreforma politiko frankistak ezarritako markoaren baitan blindatzea.

Auzipetuei elkartasuna adierazteko unea dugu, herritar mobilizazioari eusteko unea, eta marko estatutarioa gainditzeko lanaren unea, marko hori helburu nazional, demokratiko eta sozialentzako tranpa bilakatu baita.

Preso politikoak askatu!

¡Visca Catalunya lliure!

Gora Herrien arteko elkartasuna!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.