2019-05-22 12:41
Eusko Jaurlaritzak krisiaren aitzakia erabili du azken urteetan zerbitzu publikoak deskapitalizatzeko eta ELAtik birritan salatu dugun moduan honek murrizketa eta ondorio oso larriak izan ditu hezkuntzan. Horren ondorioz greba eta mobilizazio oso jendetsuak burutu genituen azken bi ikasturteetan LAB eta STEILAS sindikatuekin batera. Zoriotxarrez, eta ELAren iritziaren kontra, ordezkaritza duten gainerako sindikatu guztiek desmobilizazioa ekarri zuten akordioak sinatu zituzten, murrizketei aurre egiteko aukera historiko bat galduz.

Zentzu honetan, Helduen Hezkuntza ez da salbuespen bat. Horrela, Hezkuntza Publikoan gastua murrizteko asmoz HHn ikaslegoaren matrikulazioa bi multzotan banatzen hasi ziren: arautua eta ez arautuan. 2014ko maiatzaren 15ean Jaurlaritzak ebazpen bat argitaratu zuen, non ez arautuari edota Bizialdi Osorako Ikaskuntzari muga bat ezartzen zion: ez arautuak ezingo ziren arautuan dauden gehienezko talde kopurua baino gehiago izan. Hainbat bilera eta erreklamazioren ondoren, Hezkuntza Sailak aurrera jarraitu zuen erabaki honekin.

Orain 2019/20 ikasturtean bertan martxan jartzeko asmoa duten eta aurrekoa baina murriztaileagoa den beste ebazpen baten bigarren zirriborroa dago mahai gainean. Bertan HH 3 multzotan sailkatzen du orain: arautua, ez arautua prioritarioa eta ez arautua. Eta “prioritarioa” ez den ez arautuari muga berri bat ezartzen dio: gainerako irakaskuntzak duen ordu lektiboen %5 a ezingo du gainditu.

ELAtik argi daukagu honen atzean murrizketa gehiago besterik ez dagoela, langileen lan baldintzak prekarizatuz eta Helduen Ikastetxeen hezkuntz-eskaintza eta Bizi Osorako Ikaskuntzak daukan potentzialitatea murriztuz eta pribatizatuz (ikastetxe publikoetatik elkarte pribatuetara eramanaz), hezkuntzan inbertsio publikoa gutxitzen jarraitzeko kapitalaren mesedetan.

Egoera hau salatzeko eta kalitatezkoa eta publikoa izango den beste eredu adostu baten alde kontzentrazioa burutu genuen atzo Lakua aurrean EHIZE eta Ikasleen asanbladak deituta. ELAtik gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu HHko langile guztiei eta murrizketen aurrean mobilizatzera deitzen ditugu.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.