2020-04-17 11:17
Zumarragako Argixao Egoitzako egoera kezkagarria da. Covid-19ak eragindako osasun-krisia hasi zenetik, zazpi egoiliar hil dira, eta gutxienez 37 egoiliar daude kutsatuta. Plantillari dagokionez, 14 positibo diagnostikatu zaizkie eta 25 langile bajan daude. Testuinguru larri horretan ELAk, 9 ordezkaritik 7 ditu Enpresa Batzordean, erabiltzaileen eta langileen osasuna defendatzeko konpromisoa berretsi du.

ELAk egoera latz hau salatu nahi du. Soilik salaketa publikoaren bidez egiaztatu ahal izan da Aldundiak esku hartu behar izan duela. Lehen fasean, langileek inolako bitartekorik gabe egin diote aurre pandemiari, eta hori eskandalagarria da. Testuinguru horretan, duela ia hilabete bai enpresari bai Aldundiari babes-neurriak eskatu ondoren, eta inolako erantzun positiborik jaso gabe, ELAk, apirilaren 14an, salaketa bat aurkeztu zuen hiru zentroren aurka, horietako bat Argixaokoa. Helburu bakarra Argixaoko eta gainerako egoitzetako langileei zerbitzu eta osasun hobea bermatzea zen. Beste era batera esanda: erabiltzaileen heriotza gutxiago eta kutsatze gutxiago, lan egiten dutenentzat duten arriskuarekin.

ELAk Argixaoko egoitzan duen atal sindikalak salatzen du ohituta daudela langile prekarioak izatea nahi dutenen kritiketara. "Batzuek urteak daramatzagu sektorea duintzeko borrokan. Harritzen gaitu beste langile batzuek, aldiz, kalitate eta segurtasun handiagoa eskatzen dugunok kritikatzea. Harridura pixka batekin irakurtzen dugu sektorearen egoera prekarioa kritikatzen den bitartean, bizi dugun egoeran erantzukizun handia duten erakundeen jokabidea justifikatzen dela. Noiz kritikatu dute Gerozerlanek edo Matia Fundazioak Aldundia? 115eko plantillako 30 bat langilek sinatutako gutunaren argudioek berretsi egiten dizkigute demandatzera bultzatu gaituzten arrazoiak. Baliabideen prekarietatea salatzen bada, zein da ELAri egindako kritiken xedea?".

Langile hauek borrokan jarraituko dute. "Gure adinekoei eta haien familiei zor diegu. Une historiko honetan, beste behin ere, harro gaude hartzen ari garen erabakiez, nahiko genuke prekarietatea pairatzen duten guztiak ere bat egitea duintasunaren aldeko borrokarekin. Enpresak justifikatuz, gure miseria kroniko bihurtuko dugu".

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.