2019-01-31 16:48
ELAren enpleguaren aldeko lanak ahalbidetu du laukoaren akordioa, baina orain legeari gehitu behar diote sindikatuaren oniritzia jaso ahal izateko

Azkenean gaur onetsitako Toki Maparen Erreformaren Legean ez da enplegua bermatu, ez baita sartu artikuluetan kontratuak hutsaltzeko debekua, ekonomiaren, teknikaren, antolamenduaren edo ekoizpenaren arrazoiengatik.

 

Hala ere, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek akordio bat izenpetu dute, legegintzaldi honetan bertan lege berri hori aldatuko lukeen proposamen bat aurkezteko, eta ELAren testua daraman xedapen bat sartzeko, non enplegu-mailari eutsiko zaiola bermaturik geratuko den. Akordio hori lortu izana -oraindik legeari gehitu bhar bazio ere- oso albiste ona da Toki Administrazioan lan egiten duten guztiendako.

 

Dena dela, ELAk dioenez, lege-zuzenketa hori onartzen ez den artean, enplegua gordetzeko bermerik ez dugu izanen, eta ziurgabetasun-egoera hori larria da, zeren Parlamentua desegin arte hilabete gutxi baino ez dira falta. ELAk, beraz, deitoratzen du erreformaren aldeko parlamentu-taldeek enplegua gordetzeko bermea sartzerik ez izatea, geroagoko lege baten baldintzapean utziz. Orobat, ELAk gaitzesten du UPNren eta PPren erabaki antidemokratikoa, zuzenketa baten bozketa in voce egitea eragotziz; bozketa hori egitekotan, enplegua bermaturik egonen baitzen.

 

ELAk egindako lana erabakigarria izan da akordio hori lortu ahal izateko (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain eta Izquierda-Ezkerra), eta horren bidez legea aldatu, eta enplegua suntsitzeko aukerak eragozteko. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da ELA izan dela sindikatu bakarra azken ordura arte ahalegindu dena lanpostu guztiak mantentzearen xedapena azken testuan sartzen; LAB, aldiz, legearen testuaren alde azaldu zen, nahiz eta enplegua suntsitzeko eragozpena jasota ez egon; eta UGT eta CCOO sindikatuek legea ukatzea eskatu zuten zuzenean.

 

Azkenik, ELAk dei egiten die Toki Administrazioko langile guztiei, indarrak batzeko eta antolatzeko, eta denon artean lege-zuzenketa onestea erdiesteko, beti ere Toki Administrazioko lanpostu guztien iraupena bermatze aldera.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.