2020-05-21 12:02
ELAren ustez, PSOEk, UPk eta EH Bilduk sinatutakoa betetzea oso albiste ona litzateke, baina Pedro Sanchezen alderdiaren bilakaera txarrak aurrerapauso gutxi iragartzen ditu.

ELAk Zapateroren (2010-11) eta Rajoyren (2012) Gobernuek ezarritako azken lan-erreformak berehala indargabetzea eskatu du, eta ez azken hori bakarrik, PSOEk, Unidos Podemosek eta EH Bilduk maiatzaren 20an Madrilen sinatutako akordioak dioen bezala. Nolanahi ere, ELAk albiste handitzat joko luke sinatutakoa hitzez hitz bete eta garatuko balitz, nahiz eta PSOEren berehalako erreakzioak eta egoera askotan duen sinesgarritasun faltak aurrerapen gutxi iragartzen dituen. “Oso litekeena da testu hori ia puntu bakar batean ere ez aplikatzea”, baieztatu du.

Sindikatuak gaineratu duenez, lanpostuak suntsitzea eta lan-baldintzak murriztea dakarten lan-erreformak bertan behera utzi ezean, gainean dugun krisi ekonomiko hau sarraski bat izan daiteke enplegu eta lan-baldintzentzat. Zentzu horretan bere hitza betetzea exijitzen diote PSOEri, “langileen aurkako neurrien konplize izan ez dadin”.

ELAren esanetan, egungo krisi ekonomikoari aurreko krisian herentzian jasotako legediarekin egin behar diogu aurre. Legedi horrek bi helburu zeuzkan: alde batetik, enpresek lanpostuak azkar eta merke suntsitu ahal izatea, eta, bestetik, enpresei lan-baldintzak murrizteko erraztasunak ematea. Zentzu horretan, maiatzaren 20an EH-Bildu, PSOE eta Podemos alderdien artean lortutako akordioa oso garrantzitsutzat jotzen du sindikatuak, hala gauzatuko balitz.

Egungo egoeran presazkoa da 2012ko lan erreformaz gain, 2010 eta 2011koak ere bertan behera uztea, denek zentzu berean erasotzen baitituzte langileen bizitzak. ELAren ustez, besteak beste, hurrengo gaiak berehala aldatu behar dira:

• Langileen kaleratze indibidualak edo ERE bitartez langileak kolektiboki kaleratzeak berrikustea enplegua eta enpresen jarduera mantenduko duen legedi baten alde.

• Lan-baldintzak murrizteko ezarritako neurri guztiak bertan behera uztea, bereziki negoziazio kolektiboaren estruktura berrikustea, Estatuko hitzarmenek lehentasuna izatea ekiditeko eta enpresetan sektoreko hitzarmenak okertzeko aukera izan ez dezaten.

“PSOEk berriz ere emandako hitza bertan behera utzi du, langileen beharrak ez direlako beren lehentasuna”. Gauzak horrela, ELAk berriro exijitu nahi dio PSOEri hitza bete dezan, hala egin ezean bere ardura izango baita langileek hurrengo hilabeteetan pairatuko duten enplegu suntsiketa eta lan baldintzen murrizketa.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.