2018-05-29 13:04
ELAren iritziz borroka luzeak eta maiatzean emaitza positiborik izan ezean greba deitzeko ultimatumak derrigortu du patronala aurreakordio hau sinatzera. Sindikatuko ordezkariek aho batez onartu zuten atzo Gipuzkoako Eraikuntza eta Herrilanen hitzarmenaren berria.

Gipuzkoako Eraikuntza eta Herrilanen hitzarmenaren negoziazio aldia bukatu da, ELAko delegatuek aho batez onartu ondoren patronalaren azken proposamena; hau negoziazio-mahaiko bileran atzo arratsaldez aurreakordio gisa berretsi zuten bi aldeek.

Zehazki, 500 euro linealeko soldata igoera izango da, gehi KPI + 0,4 akordioa indarrean dagoen urte bakoitzeko (2018-2021). Horrela 2009tik hona galdutako eros-ahalmena berreskuratuko dute langileek.

Lan erreformetatik babesteko blindajeei dagokienez, bermatu da hitzarmenaren salbuespena egiteko bide bakarra langileekiko akordioa lortzea dela, eta hitzarmenaren iraunaldia bukatutakoan lan-baldintzak mantenduko direla, hots, hitzarmenak ultraaktibitate mugagabea izango duela. Gainera, errepidetako langileek bermatuta izango dute subrogazio eskubidea.

Lan-hitzarmena betetzen ez den kasuetarako adostu da jarraipen batzorde bat eratzea; enpresa nagusiak, promotorak edo herri-administrazioak zuzenean ordainduko die eragindako langileei. Tresna honekin aurrerapauso handia egin dugu lan-hitzarmena oso-osorik betetze aldera.

ELAren iritziz eduki horiek lorpen handia dira, enpresa eta obra bakoitzean borroka luzearen ondorio. ELAk aurreakordioari ondo irizten dio eta zoriondu nahi ditu mobilizazioetan zein sindikatuak hitzarmenaren inguruan deitu dituen ehundik gora batzarretan parte hartu duten langileei.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.