2024-10-01 17:30
Greba eguna izan da gaurko Gipuzkoan, eta mobilizazioak egin dituzte Bizkaian eta Araban. Bestalde, Madrilen beste negoziazio bilera egin da.

 

EAEko marka handietako ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzaren sektoreko langileek mobilizazio eguna izan dute gaur probintzia hitzarmenen negoziazioa babesteko. Hain zuzen ere, Gasteizen eta Bilbon elkarretaratzeak egin dituzte Estatuko hitzarmenaren negoziazioaren aurka protesta egiteko, eta Gipuzkoan greba eguna izan dute. Guztietan jarraipena zabala izan da.

Gaurko eguna hautatu dute Madrilen ARTE marka handietako patronalarekin beste bilera bat egin delako. Bertan, ELAk berriro eskatu du probintziako hitzarmenak errespetatzeko, eta beraz, Euskal Herriko langileak patronalak bultzatu nahi duen estatu hitzarmenetik kanpo geratzea. Era berean, iragarri du EAEko hitzarmenak blindatzeko irtenbiderik ematen ez bada, langileek mobilizazioekin jarraituko dutela.


Aipatzekoa da bilera horretan negoziatu direla kontratazioko eta lanbide sailkapeneko artikuluen edukiak, eta lanaldi partzialeko aldizkako langile finkoen kontratazioa, besteak beste. ELAren ustez, negoziazioa 2023ko uztailean hasi zenetik, negoziazio mahaian jartzen diren edukiek okerrera baino ez dute egiten, Euskal Herriko langileenak okertuz.

Gauzak horrela, langileak berriro ere aterako dira kalera ‘Ehungintzaren eta oinetakoen merkataritza, hemen lan egin, hemen negoziatu’ lelopean. Larunbatean, urriaren 5ean, greba eguna izango dute Arabako eta Bizkaiko saltoki handietako ehungintza eta zapata dendetan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.