ARGIA.eus

2019ko ekainaren 18a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-06-27 11:38
EPE bateratu honekin ez da gertuko polizia eredua bermatzen, udaletan negoziazio kolektiborako eskubidea urratu egiten da eta ez da Udaltzaingoan dagoen enpleguaren egoera prekarioarekin bukatzen.

ELAk arbuiatu nahi du EAEko udaletxe asko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila bultzatzen ari den Udaltzaingoarentzako EPE bateratura atxikitzen ari direla. Oraingoz dauzkagun datuen arabera, hogeita hamar udalerri inguru dira atxiki direnak, EAEko hiru hiriburuak barne, eta guztira 225 lanpostu inguruko EPEa izango da, baina udalek, uztailaren 1era arte daukate EPE bateratu honetara atxiki edo ez erabakitzeko epea.

EPE bateratuaren eredu honekin, prozesua bera bateratu egiten da, baina baita ere bateratu eta uniformizatu egiten dira udaltzaingo guztiak eta langileen hautaketa zentralizatu egiten da. Honek, berarekin dakar, besteak beste, langileak lan egin eta bizi diren herrien arteko distantzia handiak eta lan egin beharreko udalerria ez ezagutzea.

EPE bateratu hau ELAk defendatzen duen polizia ereduaren aurkakoa da, guztiz. Gertukoa, deszentralizatua eta herritarrengandik gertukoa izango den Udaltzaingo baten alde egiten baitugu eta horrela, lan egiten den udalerriaren eta bere biztanleen beharrizanei erantzuten diena (Euskara ezagutza, udalerriaren ezagutza, udal ordenantzen ezagutza...).

EPE prozesu honetan gainera, udaletxeetako langileen ordezkarien negoziazio kolektiborako eskubidea erabat urratu da. EPEak, negoziaziorako materia diren arren, atxiki den udalerri batean ere ez da atxikimendu hau ez negoziatu eta are gutxiago adostu. Ia kasu guztietan erabaki hau ordezkariei jakinarazi gabe, edo langileen ordezkarien gehiengoaren edo osotasunaren aurkako jarrerarekin hartu dute udalek. Gure alkateek, harrokeriaz jokatu dute gai honekin, horrela, langileen negoziazio eskubiderako eskubidea argi eta garbi urratuz.

Gogorarazi nahi dugu, gaur egun EAEko udaltzaingo ezberdinetan, batez beste, %30 baino gehiagoko behin behinekotasuna daukagula eta sektoreko lan hitzarmenak (Udalhitz), behin behinekotasun estruktural hori %6ra mugatzen duela. EPE bateratuen eredu honekin, ez da behin behinekotasuna jaisterik lortzen, ez baitira udalerri bakoitzean lanpostuen egonkortze prozesuak irekitzen.

Salatu nahi dugu prozesu guzti honetan Arkauteko Akademiak izan duen jarrera udalak mehatxatu baititu, EPE bateratura atxikitzen ez badira, beraien tribunal propioetara ez direla joango esanez edo eta udaltzainen formakuntza bera zalantzan jarriz. Helburu argi batekin: Geroz eta udalerri gehiago EPE bateratu honetara atxikitzea, ez zerbitzuaren kalitateari, ez bultzatzen den polizia ereduari ez eta enpleguaren kalitateari begiratu gabe. Ildo horretan ulertu behar dugu, atzo bertan Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko Polizia Legearen proiektua. Horretan argi adierazten da Arkautek hautatuko dituela etorkizuneko Udaltzainak, baita Ertzaintzarekin baterako prozesuetan ere.

ELAk prentsatik izan du proiektu honen berri, bai Euskal Funtzio Publikoko Legeak, Polizia legeak eta EBEPak esaten duena urratuz. Izan ere, langileei eragiten dien edozein aldaketa, langileen ordezkariekin negoziatua izan behar dela esaten dute lege horiek.

Negoziazio kolektiborako eskubidearen urraketa honen aurrean, ELAk ekintza guztiak (bai sindikalak, bai juridikoak) aurrera eramatea aztertuko du.

ELAk arduraz ikusten du kostuak aurreztea eta azkartasuna bezalako aitzakiak erabiltzea, benetan, prozesu honek, udaltzaingoaren uniformizazioa, zentralizazioa eta eredu polizial jakin baten inposizioa bilatzen duenean.

ELAtik EPE bateratu hontara ez atxikitzea exijitzen diegu udalerri hauei, beraien EPE propioak egiteko eta benetan gertuko udaltzaingo baten aldeko apustua egin dezatela. Udalerrian txertatua egongo den eta udalerriaren beraren ezaugarriak kontuan hartuko dituen EPEA propioa egitea eskatzen diegu, hain zuzen, negoziazio kolektiborako eskubidea bermatuko duena eta enplegu egonkor eta kalitatezkoaren alde egingo duena.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.