2019-07-18 13:03
Azken lan istripua larriaren ondoren, Donostiako Anoeta Kiroldegia, UTE Anoeta eta azpikontratei langileen segurtasuna bermatzeko eta Herrialdeko Eraikuntzako Lan-Hitzarmena bete dezaten exijitzen du. Gehiengo sindikalak deituta, uztailaren 19an, goizeko 11:30tan, Anoetako estadioaren aurrean egingo den protesta elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen du ELAk

51 urteko langile bat larriki zauritua suertatu zen atzo arratsaldeko 18:20ak aldera Anoeta estadioko lanetan ari zela 20 metroko altueratik erorita. Lehenik eta behin, ELAk bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die langileari, hala nola bere senitarteko eta lankideei. Era berean, Osalan eta Lan-ikuskaritzari istripuaren nondik-norakoak eta ardurak argitzeko ikerketa sakona ahalik eta azkarren egin dezaten eskatzen due.

ELAk etengabean salatu ditu Anoetako berritze lanetan ari diren langileen lan-baldintza kaskarrak, non lanen lizitazio baxua eta hauek bukatzeko denbora-epe estua lanegun amaigabe, gehiegizko lan-erritmo, segurtasun neurri falta eta ez-betetzeetan bihurtzen diren. 18 enpresa salatu ondoren, soldatetan 4,5 miloi euroko zorra, 200 langileren dokumentazio faltsutzea, eta 250.000 euroko isunak frogatu ahal izan ditu sindikatuak.

ELAk oroitarazi nahi du laneko ezbeharrak ez direla kasualitatearen kontuak, baizik eta etekin ekonomikoak langileen lan eta bizi-baldintzen aurretik jartzeko lojika neoliberalaren ondorio direla. Gipuzkoan azpiegitura handietako inbertsio publikoa lehenesten da bertako eraikuntza, gestio eta mantenuan aritzen diren langileen lan baldintzen kaltean, pribatizazio, externalizazio eta azpikontratazioaren bitartez prekarietatera kondenatuz.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.