2021-11-26 11:05
ELAk deitutako hiru greba egunen ondoren, Calor Bizkaia enpresako langileek akordio bat lortu dute enpresako bigarren hitzarmenerako; hitzarmen horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta soldata eta lan baldintzetan hobekuntza sunstantzialak jasotzen ditu; horien artean, lanaldia 12 ordutan murriztea eta gaixotasun arruntagatiko bajen kasuan osagarriak hobetzea nabarmentzen dira.

Azaroaren 22an, Calor Bizkaia (Bilbo) enpresako langileek greba mugagabea hasi zuten, enpresa hitzarmena berritzeko asmoz. Galdarak instalatu eta mantentzen dituen enpresa bat da. 2018an sinatu zen enpresako lehen hitzarmen kolektiboa, ordura arte Bizkaiko metalaren sektoreko hitzarmenean arautzen ziren baldintzak hobetzen zituena, lan erreformaren aurkako klausulak barne.

2021ean, ordea, zuzendaritzak uko egin dio langileek eskatzen zituzten hobekuntzak negoziatzeari. Hiru eguneko grebaren ostean, ELAk akordioa lortu du grebari amaiera emateko.

Hauek dira bigarren enpresa hitzarmenaren edukirik nabarmenenak:

  • Soldata igoerak:
    • 2021: % 2,5eko igoera.
    • 2022: 2021eko KPIaren igoera + % 1.
    • 2023: 2022ko KPIaren igoera + % 1.
  • Lan-lanaldia 12 ordutan murriztea.
  • Osagarriak hobetzea gaixotasun arruntagatiko bajen kasuan

ELAk langileak zoriondu ditu beraien borrokagatik.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.