2019-05-14 11:13
ELAren salaketaren arabera zentro horiek 3,5 milioi euro baino gehiago desbideratu ahal izan dituzte, ikasturte bakoitzeko, Eusko Jaurlaritzaren permisibitatearekin

Lanbide Heziketako itunpeko zentroetan finantzatu beharreko irakasle-gastuak zehazterakoan, Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketaren indarreko arauetan ezarritako xedapenak hartzen ditu kontuan.
Hori horrela, indarrean dauden arauei jarraikiz Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituen kontzeptuen artean enpresetan egin beharreko praktikak kudeatzeko eta jarraipena egiteko orduak daude (prestakuntza lantokietan), eta baita gelan edo tailerrean egin beharreko praktiketan bigarren irakasleen orduak ere (bikoizketak).

Praktiken kudeaketa eta jarraipen-orduen zertarakoa enpresak bilatzea da, eta ikasleek lan zentruetan egiten dituzten praktika horien jarraipena egitea (batez ere, ea enpresek beren eginkizuna betetzen duten ikusteko; eta ea ikasleek ezaguerak eta esperientzia pertsonal eta laborala hartzen dituzten ikusteko).
Bigarren kontzeptuari dagokionez, ikasleek gelan edo tailerrean egiten dituzten praktiketan bigarren irakasleak finantzatzen dira, ikasleen ikaskuntza egokia izan dadin, bai zerbitzuaren kalitatearen aldetik (banako arreta eta praktikaldian zehar garapen egokia), bai ikasleen segurtasunaren aldetik (ikasleek segurtasunezko baldintza egokietan egitea praktikak).

Orain dela 3 urte luze, ELAko ordezkariok irregulartasunak antzeman genituen Lanbide Heziketako itunpeko gizarte-ekimeneko zentroetan, aipaturiko kontzeptuak aplikatzeari dagokionez. Hezkuntza-arauek zerbitzu horiek betetzea ezartzen badute ere, eta horretarako finantzazio publikoa banatu arren, zentroek ez zituzten erabiltzen jasotako diru-kopuruak zerbitzu hori emateko.
Irregulartasun horien ondorioak oso larriak dira:


    •    Alde batetik, irakasleentzat, dagozkienak baino lan-karga handiagoak beren gain hartu behar dituztelako, eta ikasleentzat, ez bait dute zerbitzu egokirik hartzen, bai hezkuntzaren kalitatearen ikuspuntutik, bai segurtasunaren ikuspuntutik (praktiketan bigarren irakasle bat ez jartzeak lan-karga handiagoa dakarkio lehenengo irakasleari, eta segurtasun eta kalitate eskasagoak ikasleari).
    •    Beste aldetik, xede jakin batzuetarako zeuden diru-kopuru publikoak ez dira horretarako erabiltzen.
2016ko maiatzean ELAk irregulartasun larri horien berri eman zien Lanbide Heziketako itunpeko zentroei eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.
Patronalak arauak betetzen zituztela erantzun zigun, eta ez zuten inolako asmorik erakutsi aipaturiko irregulartasunak zuzentzeko.
Hezkuntza Sailak, luzamendutan ibili ostean, 2017. urte aldera, azterlan bat egitea erabaki zuen, Hezkuntza Ikuskaritzaren bitartez.


Horregatik, joan den ikasturtean (2017-2018) Hezkuntza Ikuskaritzak bisita egin zien LHko Gizarte Ekimeneko 16 zentrori (txikiak eta handiak, probintzia eta patronal desberdinekoak), eta irizpen bat eman zuen, 2018ko uztailaren 23koa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari helarazi ziona. Guk irizpena eskatu genion Sailari, eta ukatu zigun, Datuak Babesteko Legearen eragozpenen aitzakiapean; dena dela, hura ikusteko eta aztertzeko aukera izan genuen.
Irizpenak gabezia nabarmenak baditu ere (adibidez irakaskuntza publikoaren irizpideak hartu ditu kontuan, itunpeko irakaskuntzaren finantzaketa-irizpideak hartu beharrean; gainera, ikuskariek aztergai ziren zentroetako zuzendaritzetara jo dute soilik, informazio bila, ikasleei edo langileen ordezkariei ezer galdetu gabe), hala ere, berretsi egin ditu sindikatuak salaturiko irregulartasun larriak.

Irizpenean LHko 16 zentro horien inguruan jasotako datuak oinarri hartuz, gure kalkuluen arabera, litekeena da 3,5 milioi euro inguru, ikasturte bakoitzean, ez inbertitzea Prestakuntza Lantokietan delakoan eta bikoizketetan. Diru publikoaren eta familien kuoten desbideratze horren xedea ez dakigu zein izan den; baina, irizpenak egiaztatu duenez, ez da ikasleen praktikei jarraipena egitera bideratu, ez eta segurtasun-arrazoiengatik gelak bikoiztea eskatzen duten irakasgai praktikoetara ere.

Ikuskaritzaren irizpena eta guzti, eta sindikatu honek irregulartasunak azkentzeko patronalari eta Sailari hainbestetan eskatu arren, patronalak ez du aitortu horrelakorik egin duenik, eta Sailak ez du ezertxo ere egin irregulartasunok zuzentzeko.

Horregatik ELAn pauso bat aurrera ematea erabaki dugu, eta administrazio-erreklamazio bat formalki aurkeztea Eusko Jaurlaritzan, antzemandako irregulartasunak berriro salatuz, eta horiek zuzentzeko neurri egokiak berehala hartzera premiatuz. Edo bestela esateko, praktikak eta prestakuntza lantokietan behar bezala betetzera, eta gelan edo tailerrean egin beharreko praktiketan zehar bikoizketak ziurtatzera Eusko Jaurlaritza premiatu dugu.


   

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.