2020-04-17 10:51
Mitxel Lakuntzak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdetu die ea txalo egiteaz haratago, neurriak hartuko dituzten koronabirusaren aurrean funtsezkoak izan diren sektoreen balioa aitortzeko.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, "Covid-19aren krisiak erakutsi du zeintzuk diren gizarte batek funtzionatzeko funtsezko sektoreak, eta agerian utzi du bertan lan egiten duten pertsonek prekarietate handiena pairatzen dutela". Hori dela eta, ELAk datozen asteetan sindikatuaren ekintza gidatuko duten neurri sorta bat aurkeztu du. Azterketa horretatik ondorioztatzen da ezinbestekoa dela gaur egun pribatizatuta edo azpikontratatuta dauden bokazio publikoko zerbitzu asko publifikatzea.

Hala, plan bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroak zaintza-sektoreak publiko bihur ditzaten: adinekoen egoitzak, eguneko zentroak, dibertsitate funtzionala duten pertsonen etxeak eta elkarteak, adingabeen pisuak eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, beti ere, langileen subrogazioa eta finkapena bermatuz.

Era berean, ELAk premiazkotzat jotzen du osasuna desmerkantilizatzea. Horretarako, dio, ezinbestekoa da "gure osasuna zaintzen duten milaka behin-behineko langile kontsolidatzera" (heren bat baino gehiago aldi baterakoak dira orain), baita osasun publikoarekin itundutako zerbitzuak publiko egitea ere, langileak sendotuz.

Beste funtsezko sektore bat garbitasunarena da, eta hori oinarrizkoa izan da krisi honetan. Hala eta guztiz ere, langileek generoko soldata-arrakala handienak dituzte, baita egiturazko prekaritatea ere. Hori dela eta, Administrazioarentzat lan egiten duten azpikontratak publiko egitea edo, sektore pribatuan lan egiten badute, enpresa nagusietan integratzea eskatzen du ELAk.

Bestalde, elikaduraren sektorea funtsezko beste zerbitzu bat izaten ari da, eta bertako langileek presio handia jasaten dute kate handien aldetik, osasun-arrisku handiez gain. Horregatik, ELAk 500 euroko ordainsari gehigarria eskatzen du hilero, aldi horretako lan-karga handiak konpentsatzeko, %25eko egiturazko soldata-igoera soldata-arrakala amaitzeko eta lanaldia 1.592 ordura murrizteko, besteak beste.

Anbulantziena ere bada funtsezko beste sektore bat; izan ere, anbulantzietako langileek arrisku handia jasaten dute beren osasunerako, pribatizazioaren ondorio txarrenak izateaz gain. Horregatik, ELAk publiko egiteko lan egingo du, plantilla guztien subrogazioa eta finkapena bermatuz (langile publikoen baldintzekin parekatuz).

Gauzak horrela, Mitxel Lakuntzak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdetu die "txalo zaparradan hutsera mugatuko ote diren edo Covid-19aren aurrean funtsezkoak izan diren sektoreen balioa aitortzeko neurriak hartuko dituzten".

Irakurri hemen ELAk aurkeztutako neurri guztiak

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.