2018-11-30 10:22
Adolfo Txiki Muñoz buru dela, ELAko ordezkaritza batek abenduaren 2tik 7ra arte parte hartuko du Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren 4. Mundu Kongresuan; oraingoan Kopenhagenen (Danimarka) izango da, eta bere goiburua “Langileen boterea areagotzeko, arauak aldatu”. Mundu guztiko 1.200 bat ordezkarik hautatuko dute mundu mailan den erakunde sindikalik handieneko zuzendaritza berria; NKSk 207 milioi langile ordezkatzen ditu.

Kongresua abenduaren 2an hasiko da; hitza hartuko dute Lars Løkke Rasmussen Danimakrako lehen ministroak, Frank Jensen Kopenhageko alkateak, Guy Ryder Lanaren Nazioarteko Erakundearen zuzendari nagusiak, Lizette Risgaard LO-Danimarkako lehendakariak eta João Antônio Felício NKSren presidenteak.

Sharan Burrow NKSko idazkari nagusiaren hitzaldia, berriz, abenduaren 3an izango da, Kongresuaren osoko bilkuran. Langileen egoera munduan zehar aztertuko du, eta NKSren 2018ko Mundu Inkestaren berri emango du.

NKSren etorkizuneko politikak lau eztabaidatan erabakiko dira, honako gaien inguruan: Bakea, demokrazia eta eskubideak; Botere ekonomikoa arautzea; Mundu mailako eraldatzeak – Bidezko trantsizioak, eta Berdintasuna.

Halaber, Kongresuak honako beste gaiei ere helduko die: Konpainia multinazionaletako sindikalizazio kanpainak, besteak beste Samsung eta Amazonen; sektore informaleko antolakuntza; ezberdintasunari aurre egiteko gobernuen planak, esaterako soldata-arrakalari dagokionez; bizimodua bermatzeko gutxieneko soldatak eta gizarte-babesa; klimari buruzko ekintza, eta lanaren etorkizuna. Bestalde, Kongresuan bozketa baten bidez munduko nagusirik okerrena ere hautatuko dute. Azken bost urteetako joeren inguruko datuak emango dira ezagutzera, Eskubideen Mundu Indizearen arabera, eta 2013 eta 2018 bitartean izan diren urraketak aintzat hartuz.

Gainera, Kongresuak datozen lau urteetan NKSren politikak eta ekintza-plana erabakiko ditu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.