2020-04-03 12:36
Salaketa Bizkaiko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Lurralde Ordezkaritzan jarri da, langileek bizi duten ziurgabetasuna salatu eta egoera iraultzeko asmoz. Izan ere, funtsezkoa zerbitzua eskaintzen ez duen arren, langileak lanera joatera behartzen ari da enpresa. Martxoaren 29an argitaratutako Lege Dekretua ez betetzea leporatu dio ELAk Rothenbergerri, funtsezkoak ez diren zerbitzuen geldiaraztea jasotzen duen testua, hain zuzen ere.

Abadiñoko Rothenberger S.A funtsezko zerbitzua ez izan arren, bere lanpostuetara joatera behartzen ditu langileak, martxoaren 29an argitaratutako lege-dekretuari izkin eginez. Dekretu horretan jasotzen denez, funtsezkoak ez diren esparruetako enpresetan lan egiten duten langileek baimen ordaindu berreskuragarria izango dute. Enpresak berak jakinarazi zien langileei, martxoaren 29an, baimen hori hartu behar zutela martxoaren 30ean eta 31n eta apirilaren 1ean. Hala ere, eta aurretik iragarritakoa ezeztatuz, apirilaren 1ean enpresak bat-batean aldatu zituen jarraibideak, eta langileei jakinarazi zien apirilaren 2an lanpostuetara itzuli behar zutela. Hala, Rothenbergerrek aurrez aurre lan egitera behartzen ditu langileak, guztien osasuna arriskuan jarriz.

Koronabirusak eragindako krisi betean, ELAk arduragabetzat jo du enpresaren jarrera, eta langileen osasuna eta bizitza arriskuan jartzea leporatu dio.

Sindikatuak ziurtatu du beharrezko neurriak hartuko dituztela funtsezko esparrukoak ez diren enpresen aurrean, Rothenberger kasu, langileei presio egiten dietenean beren lanpostuetara itzul daitezen, martxoaren 29an argitaratutako Lege Dekretua errespetatu gabe. "Interpretazio-ohar bat ez da inoiz Lege Dekretu baten gainetik egongo", gaineratu dute, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren jarrerari erreferentzia zuzena eginez. Izan ere, ELAk berriz salatu du Eusko Jaurlaritza iruzurra egiten ari dela, Espainiako Gobernuak ezarritako Dekretuaren zirrikituak aprobetxatu nahian, beti ere, interes ekonomikoak pertsonen osasunaren gainetik jartzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.