2018-03-01 13:36

Gaurko bilera joan den azaroaren 16ko bileraren jarraipena izan da. Oruan Jaurlaritzak Euskal Enplegu Publikoaren Legearen Aurre-proiektua aurkeztu zigun. Gaurko bileran bertan Jaurlaritzak bigarren zirriborroa aurleztu digu, aurrekoarekin alderatuta aldaketa kosmetikoak dituena, ez ditu egindako alegazioak erantzun ezta kontutan izan ere aurkeztutako zirriborroan.

ELAk berehala adierazi zuen testu hura aurreko legealdian aurkeztutakoaren kopia zehatza zela, eta Jaurlaritzak berak erretiratu zuela legebiltzarrean izapidetzetik.

Testu horrek bide ematen dio lan-erreformari euskal administrazioetan sartzeko, euskal lege bat garatzeari uko egiten dio, eta sektore publikoko langileei negoziazio kolektiboaren eskubidea ukatzen die. Eusko Jaularitzak, testu horrekin, uko egiten dio euskal herritar guztientzako zerbitzu publikoetarako eskubide unibertsalak garatzeari.

Gizarteari, sindikatuei eta langileei administrazioen eguneroko kudeaketan parte hartzeko eskaintzen zaizkien tresnak gutxienekoak dira, botere osoa garaian garaiko gobernuko politikarien eta izendapen askeko kargudunen eskuetan geratuko da.

Enpleguari dagokionez, euskal sektore publikoaren pribatizazioa eta azpikontratazioa finkatu eta bere aldeko apustua egiten da. Behin-behineko kontratazioa EAEko administrazioetan gaitz nagusiena izan arren, gaur 3 langiletik 1 behin-behineko egoeran baitago, lege-proiektuan, mugatu beharrean, ugaltzeko aukera ere zabalik uzten du.

Horregatik ELAk, joan den abenduan, 220tik gora zuzenketa aurkeztu zizkion aurre-proiektuari, lege jakin bat defendatzearren: bertakoa, euskalduna, lan-baldintza duinak bermatuko dituena, mugikortasunik eza eta independentzia oinarri izango dituena, negoziazio kolektiborako benetako eskubidea aitortuko duena, kanpoko eskuhartzerik onartuko ez duena ―ezta alde bakarreko ezarpenik ere―, EAEko esparru guztiak beregain hartuko dituena ―gaurkoz estatu-esparruarenak direnak ere bai―, funtzio publikoan aritzen direnak enplegatu publikoak direla ziurtatuko duena, zerbitzu gehiago pribatizatzea eragotziko duena, eta azpikontrataturiko zerbitzuak arlo publikora lehengoratuko dituena ―enplegua mantentzeko bermearekin―, plantilletako postu hutsak estaltzea, ordeztea eta egonkortzea sustatuko dituena.

Hori dela-eta, gaurko bileran ELAk eskatu dio Jaurlaritzari testu hori erretiratzeko, eta beste bat prestatzeko, edo bestela, benetako negoziazio bati ekiteko, sindikatuekin batera, aurkeztu den testu hori errotik aldatzeko.

Hala ere, Jaurlaritzak ez du batere borondaterik agertu aurre-proiektua erretiratzeko, ezta testua goitik behera aldatzeko ere.

ELAk, bileraren aurretik, elkarretaratze bat egin du Lakuan, eta Jaurlaritzak bere jarrera aldatu ezean, batzarrak egingo dira lantokietan, hurrengo mobilizazioak erabakitzearren.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.