2019-02-27 13:18
Ekimeneko ikastetxeetatako sindikatuotako ordezkariek hamar greba egun gehiagoren erregistroa egin dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. Lanuzteak martxoaren 12, 13, 14ean eta 15ean: apirilaren 1, 2, 3, eta 4ean; eta maiatzaren 8 eta 9an izango lirateke. Gizarte Ekimeneko patronalek akordioetara iristeko erakutsitako borondate faltaren aurrean, mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste biderik ez dietela utzi salatu dute sindikatuek.

Sindikatuen oharra:

2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio-mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek. Hamaika bilera eta ekintza ondoren lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen.

Urtebete luzez mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste langileen babes zabala izan duten 17 greba egun gauzatu ditugu 2 ikasturtetan sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baina hauek ez dute akordiorako borondaterik erakutsi denbora honetan guztian.

Urtarrileko 8 greba egunen ostean, sindikatuok aldebiko bileretara deitu gaitu Kristau Eskola patronalak. Bilera hauetan ordea, sindikatuok negoziaketarako gure borondatea eta edukietan sakontzeko nahia argi utzi badiogu ere, proposamen eta eduki nahikorik egin gabe jarraitu du. Oraingoan ere, azken greba egunetik hilabete pasa utzi badugu ere, langileen eskaerek erantzun nahikorik izan gabe jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritza ere ez da gatazka honetan dagokion arduraz jokatzen ari. Langileen eskaerei erantzunak emanez egoera bideratuko luketen neurriak hartu ordez, bere burua zuritu eta gatazkaren irtenbidean benetako inplikazioa ekiditera bideratzen ari da bere ekintza guztiak, hala nola zerbitzu minimoen igoera, edota gatazka honen atzean interes ezkuturen bat dagoela esanaz eginiko inolako oinarririk gabeko adierazpenak. Bereziki larria da hezkuntza sailak gatazkaren irtenbidean daukan ardura bere gainetik kentzeko asmoz, gatazka lan saileko bitartekaritza batetara bideratzeko egiten ari den saikera.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu, eta geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin. Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu langileak 17 greba egun egitera behartu ondoren, patronalek gure eskaerei erantzun dezenterik eman gabe jarraitzea eta Hezkuntza sailaren aldetik gatazkari irtenbidea emateko beharrezko inplikaziorik ere ez egotea. Sindikatuok akordioetara iristeko borondatea daukagu, eta orain arte bezala prest gaude benetako negoziazio bati ekiteko, ez ordea edukirik gabeko bilera kate batera itzultzeko edo zilegiak eta neurtuak diren oinarrizko eskaerei uko egiteko.

Hau horrela izanik, jadanik publiko egindako 10 greba egunekin aurrera jarraitu beste biderik ez digute uzten (martxoak 12-15 bitarte; apirilak 1-4 bitarte; eta maiatzak 8-9 bitarte)

ELA, STEILAS,CCOO,LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.