2018-11-26 16:45
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT-k mezu argia igorri nahi diegu Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei: utzi diezaiotela behingoz mamirik gabeko proposamenak egiteari, eta has daitezela langileen aldarrikapenei modu serioan erantzungo dieten proposamenak lantzen. Gogoratu beharrekoa da azaroaren 26tik abenduaren 2ra Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek 4 greba egun egingo dituztela. Azaroaren 27an, adibidez, 11.30etan Bilboko Jesusen Bihotzetik manifestazioa abiatuko da.

Langileen oharra:

EAEko Gizarte Ekimeneko langileok gure lan hitzarmenaren eta lan baldintzen alde borrokan ari gara 2010 urtetik geroztik. Sektoreko patronalek ezarritako murrizketak pairatu genituen lehendabizi, eta ondoren 2009ko gure lan hitzarmena aplikatzeari utzi nahi izan zioten. Beharrezkoa izan zen mobilizazio eta greba dinamika garrantzitsua garatzea eta epaitegien babesa, bertoko lan hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko.

Ordutik lan hitzarmena berritu gabe gaude sektore honetan, alegia, 10 urte lan hitzarmena eguneratu gabe; beste modu batera esanda, %10etik gorako eroste-ahalmenaren galera metatuta jasaten. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza berrikuntza langileon kontura joan da lan kargak handituz jasanezinak izateraino. Emakume aurpegia duten, eta lan baldintza kaxkarrenak dituzten bi kolektiboen lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da: Hezkuntza Laguntzako Espezialista gehienek lanaldi partzialak izanik asko ez dira 1.000€ko soldatetara iristen, Haur Hezkuntzako lehengo zikloko langileak gainerako irakasleekin alderatuta 300 ordu gehiagoko lanaldiak dituzte, kolektibo hauei ez zaie ordu osagarririk bermatzen, ezta heziketa izaera aitortzen ere. Gelen itxiera aurreikusgarria izanik, lanpostuak bermatzeko birkokapen akordio bat erdiestea garrantzistua da, baita Administrazio eta Zerbitzuetako langileen lanaldia murriztu eta Lanbide Heziketakoa modu adostuan banatzea ere.

2017ko azarora arte hamaika aldiz bildu ginen sindikatuok patronalekin. Sindikatuok, bakoitzak aurkeztuta genituen hasierako plataformetako edukiak moldatu eta ahalegin nabarmena egin genuen gutxiengo aldarrikapenak jasotzen dituen plataforma bateratu bat aurkezteko. Baina patronalak beraien hasierako planteamenduetatik mugitzen ez zirenez, mahaiko parte hartzea eten eta mobilizazio eta greba bideari ekin beste biderik ez ziguten utzi. Hainbat elkarretaratze, manifestazio eta ekintza egin ondoren, lehendabiziko greba eguna martxoak 20an deitu genuen. Ondoren, maiatzak 15 eta 16koak etorri ziren, eta azkenak urriak 9 eta 10ekoak izan dira. Greba hauek eta antolatutako ekintza guztiek langileen babes zabala jaso dute, 9.000 langile inguruko kolektibo bat izanik, 5.000 langiletik gora bildu baitira antolatu ditugun manifestazio eta ekintza ugarietan.

Patronalak ordea ez dira dagokien arduraz erantzuteko gai izaten ari. Greba dinamika hasi genuenetik, bi proposamen helarazi dizkigute, biak jadanik 5 greba egun egin ondoren, eta azarorako aurreikusita eta publiko eginda geneuzkan lau greba egunen bezperan: lehenengoa azaroak 16ko mahai negoziatzailekoa; bigarrena azaroaren 21ean arratsaldez posta bidez helarazitakoa. Bi proposamen hauek 2017ko azaroan egindako proposamenarekiko aurrerapauso aipagarririk ez daukate, eta sindikatuok adostutako gutxieneko plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen dute.

Azken asteotan argitara eman ditugun oharretan, sindikatuok argi esan dugu 5 greba egun ondoren patronalak mugiarazi ditugula, proposamenak egitera behartuak ikusi dutela euren burua. Baita ozen adierazi ere proposamen horiek eduki esanguratsu gutxi dituztela, eta ez dugula ontzat emango edukirik gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburua duten jokamolderik.

Gure helburuak argiak dira eta ez dute inolako asmo ezkuturik. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude. Ez da onargarria hezkuntza proiektu bat langileen lan baldintzen prekarizazioaren kontura eta hezkuntzaren kalitatearen kontura aurrera atera nahi izatea.

Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT-k mezu argia igorri nahi diegu Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei: utzi diezaiotela behingoz mamirik gabeko proposamenak egiteari, eta has daitezela langileen aldarrikapenei modu serioan erantzungo dieten proposamenak lantzen.

Ildo beretik, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera animatzen ditugu.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:

Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

Eros-ahalmena berreskuratzea.

1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea.

Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte

Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.







 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.