2018-02-13 12:22

Nafarroako irakaskuntzako interinoen aldeko sententzia berriak irabazi ditu ELAK. Zehazki, uda kobratzeko duten eskubidea bermatuko zaie hemendik aurrera. Gogoratu, orain arte, uda kobratu ahal izateko behin-behineko irakasleek ikasturte osoa eman behar zuten zentro berean lanean, urte osoko bakantea aukeratzen zutenek zein ordezkapenak egiten zituzten irakasleek (sentenzia bidez azken hauek). ELAk lortu du lehenengo aldiz ikastetxe ezberdinetan lan egin arren eskubide hori aitortzea ikasturte osoan lan eginda.

Bestetik, aurreko gobernuak ikasturte berean lotutako kontratuetan gabonetan edo aste santuan kontraturik gabe uzten zituen irakasleak batzuetan. Eten horiengatik interinoek ez zuten uda kobratzen, baina orain ELAri epaileek arrazoia eman diote eta irakasle hauei kontratu eten horiek ordaintzeaz gain, uda kobratzeko eskubidea ere aitortu diete.

Egoera hauetan zeuden interinoek urte osoko bakantea lortu dutenekiko diskriminazio egoera jasan dute, ikasturte osoan zehar lan egin arren gabonak, aste santua eta uda kobratzen ez zutelako.

Gero eta garbiagoa da behin-behineko langileen eskubideak berdinak izan behar direla, funtzionariek dituztenen parekoak. Hortaz, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu langileak epaiketetara behin eta berriz joan behar izan gabe behingoz eskubide hauek legez bermatzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.