2020-06-26 11:09
Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte goiz partean Basurtu, Donostia eta Txagorritxu ospitaleetan, eta baita Osakidetzaren lehen arretako zentroetan ere; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren ahulezia eragin dute.

ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen esanetan Koronabirusaren krisiak gure begien aurrean jarri ditu zein diren bizitzarako funtsezko sektore edo jarduerak. “Eta zerbitzu publikoen garrantzia ere agerian utzi du; hain zuzen ere, osasun publikoak ongizate kolektiborako tresna gisa duen garrantzia, bizi-aseguru kolektibo bat baita, denon onerako indartu eta garatu behar duguna, inolako zalantzarik gabe”.

Sindikatuek salatu dute azken urteetan osasungintza negozio-hobi bihurtu dela, eta hor ikusi dute batzuek dirua irabazteko aukera, osasun-sistemaren kontura. “Hala, osasun publikoaren ahultzearen lekuko izan gara, eta horren ondorioak nabarmenak izan dira osasun-krisi honi aurre egiteko orduan”, gaineratu dute.

ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek azpimarratu dute  langileen ahaleginari eta inplikazioari esker arindu ahal izan direla osasun-sistemaren gabeziak, egunerokoan ere gertatzen den bezala.

Horren ondorioz langileak akitu dira, fisikoki eta psikologikoki. Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela, eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daudela, babes-neurririk ez izateagatik. Positibo horiek EAEko positibo guztien %18 izan dira, eta ESI batzuetan plantilla osoaren %20 izatera iritsi dira.

Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren ahulezia eragin dute. Horren adibide dira aurrekontu-partida murritzak, enplegu-suntsipena, kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera eta pribatizazioak.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote, lehenbailehen eta gehiago luzatu gabe, alda ditzala osasun-arloko politika publikoak. Horretarako eskatzen dute, besteak beste, aurrekontu-partida nahikoa onestea, hemengo osasun publikoa EBeko batez bestekoaren pare jartzeko; eta plantilla ugaltzea, iruzurrezko kontratazioak egitura-plantillan txertatuz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.