2020-02-14 13:44
ELA CGTP-IN Portugalgo sindikatu nagusiaren 14. kongresuan parte hartzen ari da. Harreman eta ibilbide luze eta estua da ELAk Portugalgo lehendabiziko sindikatuarekin duguna. Kongresua otsailaren 13tik 15era ospatzen ari da Seixalen, "Borrokatu: eskubideetan aurrera egin, langileak baloratu, etorkizuna duen Portugal baten alde" lelopean. Nazioarteko sindikatuetako ordezkaritza zabala bildu da, besteak beste, Mitxel Lakuntza eta Laura Gonzalez de Txabarri, ELAren ordezkari gisa.

Kongresuaren hasieraren aurretik nazioarteko mintegi bat egon da, eta bertan nazioarteko sindikalismoaren erronka amankomunak aztertu dira, baita antolatu eta borrokatu beharra ere.

Mitxel Lakuntzak, mintegian egindako interbentzioan, prekarietateari aurre egitearen garrantzia azpimarratu du, greba borrokarako tresna gisa aldarrikatu du eta mobilizazioaren garrantzia eta aliantza sozialen potentziala azpimarratu ditu. Horren adibide gisa, urtarrilaren 30ean Euskal Herrian bizi izan zen greba orokor historikoa ekarri du gogora. Gainera, nabarmendu du ELAk bat egiten duela CGTP-IN sindikatuak bere Kongresuan aurkeztutako dokumentuaren edukiekin. Bertan elkarrizketa sozialaren mugak, prekarietateari aurre egiteko lehentasuna, grebarako eskubidearen defentsa eta subiranotasunaren eta internazionalismoaren defentsa azpimarratzen dira, besteak beste.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.