2018-09-11 16:51
ELAk oso larritzat ditu irailaren 8an Jaizkibel Konpainiako kideek jasandako irain eta txistuak; eraso hauek emakumeon oinarrizko eskubideen urraketa eta atzerapauso larriak dira. Jazarpen egoera hauek emakumeon aurkako diskriminazioa eta egiturazko desberdintasun egoera betikotzen laguntzen dute, ustez mugiezina den tradizioaren izenean.

Eskualde zehatz bateko errealitatea gainditzen duen egoera baten aurrean gaude, ELA sindikatuak defendatzen duen gizarte ereduaren oinarriak kolokan jartzen baitira; emakume eta gizonen arteko zilegizko berdintasuna erdigunean duen jendarte batean halako egoerek ez dute inolako tokirik.

 

Halaber, bereziki larria da kargu politikoen zurikeria. Hondarribiko alkateak eta bere gobernu taldeak beste alde batera begiratzen dute, erantzunkizunik izango ez balute bezala; konplize dira.

Aldundiak ere lekuz kanpoko adierazpenak egin ditu gai honen harira, egoera ulertuko ez balu bezala jokatuz; arduragabekeria galanta da hori. Gaiztotutako egoera hau ez da egun batetik bestera sortutakoa, denbora luze darama mamitzen, bsteak beste, Aldundiaren jarrera hipokritaren laguntzaz. Utzikeria politikoaren ondorio lazgarriak pairatu genituen igaro den irailaren 8an Hondarribiko Kale Nagusian zehar.

Eusko Jaurlaritzari ere dei egiten diogu, ausardiaz joka dezan eta behingoz Barne Sailak hartu beharreko erabakiak har ditzan. Legeari muzin eginez, praktikan ez zaie inolako babesik eskaintzen jendarte parekide baten borrokan dabiltzan emakume eta gizonei. Lotsagarria benetan Hondarribian gertatzen dena XXI. mendeko Euskal Herri “ ustez moderno” honetan.

Gure babesik sendoena Jaizkibel konpainiari eta gure animoak bertako parte hartzaile guztiei. Zuekin gaude!

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.