2020-05-20 17:46
Ikasturte amaierarako plangintza orokorra langileen ordezkariekin negoziatu eta adostu arte aldebakarrez hartutako erabakiak gelditzea eskatu diote Hezkuntza Sailari. Ildo beretik, inprobisazio hutsean aritzea leporatu diote Sailari.

ELA, LAB, Steilas, CCOO y UGTk baieztatu dutenez, azken asteetan EAEko Hezkuntza Sailak ikasturte amaierara begira eskoletarako egin dituen planteamenduak eta horien gaineko ondorengo aldaketak ez dira egokiak izan; izan ere, bizi dugun pandemia larriak eskatzen dituen osasunerako berme-irizpideak lehenetsi gabe gauzatu dira aldaketa horiek, ikuspegi pedagogikoak kontuan izan barik eta beharrezko adostasunik gabe. 2019/2020 ikasturte amaierarako Hezkuntza Sailak egindako azken planteamenduak ere, hasieran egindakoak bezalaxe, osasunerako berme eta irizpide  pedagogikoak modu egokian uztartzen ez dituen planteamendu bat izaten jarraitzen duela gehitu dute.

Aipatutako guztiari gehitzen zaizkio maiatzaren 19an Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoko langileen itzulera presentzialerako atera zuen jarraibidea (telematikoki lanean diharduten etapa guztietako langileei ekaineko lehenengo astetik aurrera eskolara presentzialki itzultzeko aginduz) zein itunpeko ikastetxe eta ikastoletako patronalek egin dituzten plangintza propioen inguruko jakinarazpenak.

Hau guztia dela eta, Hezkuntza Sailaren azken planteamenduari ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk ikusten dizkioten gabezia eta hutsuneen aurrean, adostua, segurua eta kalitatezkoa izango den ikasturte amaiera bermatzeko proposamena luzatu diote EAEko Hezkuntza Sailari.

Proposamenaren ardatz nagusiak hauek dira:

  • Osasun protokolo eta gainerako dokumentazioan jasotako prozedurak zein edukiek dituzten gabeziak osatzea sindikatuekin negoziazio bidez.
  • Hezkuntza Sailak ikastetxe guztientzat irizpide berdina finkatzea aurrez aurreko ikasketei ekiteko (zein etapetan, zein ikastalderentzat), horrela ikastetxe desberdinetako ikasleen arteko arrakalarik sortu edo areagotzea ekidinez.
  • Ikasturte honetan aurrez aurreko ikasketara itzulera EBAU azterketa prestatzeko beharra duten 2. Batxilergoko ikasleengana soilik zein arrakala digitalaren ondorioz konfinamenduaren ondorio kaltegarriak modu gehigarri batean jasan dituzten ikasleen errefortzurako soilik mugatzea.
  • Ikasturte amaierako plangintza zein eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak, osasuna bermatzeko protokolo eta prozedurak zein neurri zehatzak langileen ordezkariekin negoziatzeko eta adosteko prozedura abian jartzeko eskatzen diote sindikatuek Hezkuntza Sailari.
  • Negoziaketa prozesu horiek gauzatu arte eta sindikatuek bidalitako proposamenean jasotako eskaerak betetzen ez diren bitartean ikasturte amaierara begirako aldebakarreko erabakiak bertan behera utz ditzala, hezkuntza publikoko langileak eskolara presentzialki itzultzeko maiatzak 19ko jarraibidea barne.

“Hezkuntza Sailaren jokaera arduragabearen ondorioz, datorren astelehenetik aurrera ikastetxeren batean osasuna bermatu gabe aurrez aurreko ikasketak abian jarriko balira, sindikatuok gure esku dauden tresna guztiak abian jarriko ditugu langile eta ikasle horien osasuna babesteko”, laburbildu dute.

Irakurri hemen sindikatuen proposamen osoa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.