2019-06-07 12:33
EUDELek Bilbon duen egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea. Bertan gogora ekarri dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua lehentasunezko zerbitzu publikoa dela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barnean sartuta dagoela. Gizarte Zerbitzuen Legearen arabera udalerriena da zerbitzuaren titulartasuna, Gizarte Zerbitzuen zorroan erregulatuta ez dagoela.

Udalek, ordea, zerbitzuaren zeharkako kudeaketa aukeratu dute erakunde komertzialen bidez. Kudeaketa eredu honek, ordea, ezin du Euskal Autonomia Erkidegoko Zerbitzu Sozialen Sistema orokorraren erantzukizun publikoa salbuetsi.

Langileek, emakumeak ia guztiak, 1989az geroztik zerbitzu hau eskaintzen dute esleitutako enpresa ezberdinetan. Bakarrik eman ohi dute zerbitzua, etxetik etxera, lanaldiak bermatuta izan gabe eta sarritan lanaldi partzialekin. 2015az geroztik indarrean den hitzarmen kolektiboa berritu gabe dago eta horrek eragin du hobekuntza sozialik edota lan osasunean hobekuntzarik ez egotea eta soldatak bere horretan mantentzea, eroste ahalmen galera handiarekin. Nabarmentzekoa da zerbitzu-orduen murrizketa eta honek izan duen eragina enpleguan eta lan baldintzetan.

Bi urte baino gehiagoko mobilizazioetan, greba egunetan eta gatazkan murgilduta gaude. Milaka ordu galdu dira zerbitzuan jada. Negoziazio Mahaiaren hilabetetako blokeoaren ostean berriro ere biltzen hasi da Eusko Jaurlaritzaren partaidetzarekin. Negoziazioaren desblokeatzea, batez ere, mobilizazioen sindikatu deitzaileen ekimenari esker gertatu da. Eusko Jaurlaritzari negoziazio prozesua gidatzeko eskatu genion patronalen eta EUDEL eta Diputazioaren parte hartzearekin.

Foru Aldundiko ordezkari bakar batek ere ez du bileretan parte hartu eta EUDELeko ordezkari batek lehenengora "entzutera" joan zen. Hurrengoetara, ordea, ez dira joan hauteskunde garaian geundela argudiatuta eta negoziazioa aurreratuagoa egongo denean parte hartzen hasiko direla esanez.

ELA, LAB, UGT eta USOk erakunde publiko horien jarrera salatu dute, batez ere, EUDELen arduragabekeria azpimarratuz. Sektorea kinka larrian dago eta bere parte hartzerik gabe ezinezkoa izango da problematika bere osotasunean eta konplexotasunean lantzea. Udalei dagokie enplegua eta zerbitzua bermatzea sektorean. Beraien parte hartzearekin bakarrik bermatu daiteke lizitazio-sistemak ez duela saritzen jarraituko eskaintza merkeagoa eskainiz aurkezten diren enpresei, beste irizpide batzuk inportatu gabe. Haien partaidetzarik gabe, segurtasuna eta lan-osasuna bermatuko duten neurriak ezingo dira ezarri.

Hori dela eta, sektoreko langileek EUDEL mahaian behingoz esertzea eta gatazkaren konponbidean eragile aktiboa izan dadin exijitu dute. Orain arte izan duen jarrera ez da onargarria izan: zerbitzuarekiko, erabiltzaileekiko eta langileekiko benetako interesa ez du erakutsi inongo momentuan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.