2019-10-25 10:34
Osakidetzak aztergai zerrendan sartu dituen proposamenak bazeuzkan adostuta, itxita eta sinatuta 2017ko Enplegu Akordioaren sindikatu sinatzaileekin, Sektore Mahaian aurkeztu baino lehenagotik. Negoziatzeko borondaterik eta gardentasunik eza ikusita, ELA, LAB eta CCOO, -Osakidetzako gehiengo sindikala dutenak- ez dira joan Mahai Sektorialaren gaurko bilerara. Joan den urriaren 8an, arrazoi berberengatik, Mahaiko bileratik ere alde egin zuten.

 

Osakidetzak edukiz hustu du Sektore Mahaia, 2017ko Enplegu Akordioaren jarraipen-batzordearen alde (SMEk, SATSEk eta UGTk osatua); eta horrela negoziazio-mahai paralelo bat sortu du. Osakidetzak, bere jarrerarekin, negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak baldintza baten menpe jarri ditu: bere akordioak sinatzearen menpe; ELA, LAB eta CCOO sindikatuek daukaten ordezkaritza kontuan hartu gabe eta Sektore Mahaiaren balioa gutxietsiz. Alde horretatik argi eta garbi esan behar da Sektore Mahaia dela negoziazio kolektiborako legezko eta zilegizko esparrua.

Gaurko egunean, urriaren 8an egindako aurreko bileran gertatu zen bezala, gai-zerrendan jasotako puntuak aldez aurretik negoziatuta, itxita eta jarraipen-batzordean sinatuta zeuden, eta gero Mahaira eraman dira betebehar formal bat betetzearren, baina ez fede onez negoziatuak izateko. Sindikatu hauek ez dira Mahai Sektorialera itzuliko proposamen itxiak eta beste batzuekin sinatuak eramaten jarraitzen duten bitartean.

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Osakidetzaren jarrera salatu eta Mahai Sektorialaren negoziazio-ahalmena itzultzeko eskatu egin dute. “Premiazkoa da, besteak beste, lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat (aurrekoa 2009an agortu zen) edo garapen profesionaleko eredu berri bat jorratzea eta negoziatzea. Eta hori guztia berdintasunezko eta fede oneko negoziazio garden baten bidez”, azpimarratu dute.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.