2020-02-11 11:56
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUk lan prekaritateari aurre egiteko baliabide guztiak berehala erabiltzea exijitu diote Jaurlaritzari, besteak beste, Ikuskaritza edota Osalan. Sindikatuek gogor salatu dute Zaldibarko luizian bi langilek desagertuta jarraitzen dutela eta 2020 hasi denetik jada 11 pertsona lanean hil direla. Prekaritatearen aurkako larrialdi-plan bat berehala onar dezala eskatu diote, “pandemia honi aurre egiteko beharrezko baliabideak lortze aldera. Bada garaia herri honetako langilea den gehiengoaren interesak defendatzen hasteko”. Erakundeei politiken aldaketa bat exijitzeko mobilizazioa deitu dute otsailaren 13rako Bilboko Arriaga Plazan, 18:30etan.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUk egoeraren argazki bateratua egiten dute: lan istripu hilgarrien atzean prekaritate sakona dago. “Behin-behinekotasunak hil egiten du. Azpikontratazioak hil egiten du. Prebentziorako neurririk ez izateak hil egiten du. Diru-goseak hil egiten du, langileen aurka prekaritatea darabilen patronal aseezina da honen erantzulea eta patronal honekin erabat lerrokatuta dagoen Eusko Jaurlaritza konplizea”, baieztatu dute.

Zaldibarren gertatutakoa horren adibide garbia dela baieztatu dute. Bertan aritu izan diren langileak urteetan arriskupean jarriak izan direla azpimarratu dute, kaltegarriak diren sustantzietara esposatuz, babesik gabe. Azaldu dutenez, luizian lanera joandako langileei ez zieten amiantoaren presentziaren informaziorik eman, zabortegian hura pilatzen ari zirela jakin arren. “Helburu bakarra autopista irekitzea izan da, ikuspegi ekonomizista berriz gailenduz. Lehentasunezkoa da langile biak aurkitzea, baita senide, lankide eta biztanleriari kudeaketa gardena bermatzea ere”, kritikatu dute.

Egoera hau iraultzeko eta erakundeei politiken aldaketa bat exijitzeko mobilizazioa deitu dute otsailaren 13rako Bilboko Arriaga Plazan, 18:30etan. Honekin batera, Zaldibar, Eibar, Ermua, Mallabia eta Markinan egingo diren mobilizazioekin bat egin dute.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.