2019-05-23 10:12
Lehenik eta behin doluminak eta elkartasuna adierazi nahi diete Barazarren lan istripuan hil zen gidariaren senide eta lagunei. Era berean, lan istripuen atzean ezkutatzen den prekarietatea errotik ezabatzeko eskatu diete erantzule politikoei, besteak beste, benetako segurtasun politikak ezarriz eta enpresetan jarraipen zorrotza eginez.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU-ren ohar bateratua

Garraiolari eta gidarien lan istripuak errepideko istripuen zenbatekoen atzean eskutatzen saiatzen dira askotan. Zergatik apaindu zenbakiak? Erantzuna erraza da: zenbatekoak beldurgarriak dira. 2018an 68 pertsona zendu ziren lan istripuan. 24 errepidean. 15, garraiolariak. 2019an 20 dira jada lan istripuan hil diren pertsonak. Lau aste honetan bertan. Gainera, beste askotan, lehenengo ematen den berria errepidea itxita dagoela da: istripua izan duten pertsonen egoera garrantzitsua- goa ez al da ba?

Presa, estresa, bidaien salneurri baxuak, ezinezko ordutegiak, lan egun luzean, egin behar ez luketeen eta askotan beharturik dauden kamioi zamaketa eta hustuketa lanak eta garraio merke eta isilaren bila administrazioaren utzikeria sektorearekiko dira, besteak beste, egoera honen erantzuleak. Lan baldintzak ez dira onak, prekarietatea garraiolarien egunerokoa da. Garraioak berehalako erregulazioa behar du, kooperatiba faltsurik gabeko sektorea, ia esklabutzan bizi diren gidaririk gabeko sektorea; garraioa duintasunez eta era seguruan egitea beharrezkoa dela alda- rrikatzen dugu, beste behin ere. Zer egiten dute bitartean administrazioek? Beste aldera begiratu. Sektorea zentzuz erregulatu beharrean, garraio merkea besterik ez dute nahi, baldintzak alde batera utzita. Lanean hiltzen ari gara.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUtik garraio sektorean ez ezik, lan munduan ezarri den prekarietatea salatzen jarraituko dugu eta horretarako, elkarretaratzea egingo dugu datorren ASTEARTEAN, maiatzak 28, EUSKO JAURLARITZAREN BILBOKO egoitzaren aurrean goizeko 11.30tan. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.