2018-09-18 10:34
Gipuzkoako Aldundian azpikontratatutako enpresa batentzat lan egiten zuten langile hauek (%95 emakumeak) urteko 23.183,09 euroko soldata izango dute 2018an, Gipuzkoako kale garbitasuneko langileen soldatarekin berdinduz. Era beran, 2019rako KPI + 0,2 eta 2020rako KPI + 0,4ko igoera adostu dugu.

ELA (9 delegatu), LAB (3 delegatu), ESK (2 delegatu) eta UGT (2 delegatu) Gipuzkoako Aldundian EULENek azpikontratatutako garbikuntza enpresako hitzarmena sinatu dugu. Akordio historikoa da, Gipuzkoako garbikuntzan soldata arrakala ezabatzen duen lehen hitzarmena baita. 85 langilek osatutako kolektiboa da, gehienak emakumeak. Hauek EULEN, S.A. enpresarentzat lan egiten dute, azpikontratatuta, gizonek, lan berdinak eginda kobratzen dutena baino soldata baxuagoa jasoz.

Gipuzkoako garbitasunean soldata arrakala dagoela esaten dugu, funtzioetan antzekoak diren bi esparru alderatzen ditugunean: kale garbikuntza eta eraikinen garbikuntza.

Garbikuntzaren sektorean ez da soldata arrakalaz eta emakumeek lan arloan pairatzen duen prekarietateaz hitz egiten dugun lehen aldia. 2016 urtean, Gipuzkoako Diputazioko azpikontratako garbitasuneko hitzarmena amaitu zenean eta hitzarmen honen negoziaketa hasi genuenean aurrez aurre egin genuen topo egoera horrekin: Gipuzkoako Aldundiak azpikontrataturik duen sektore honetan, alegia, garbikuntzan, soldata arrakala dago, beraz, Aldundia ere diskriminazio horren konplizea da.

Gipuzkoako garbitasuneko bi alorrak alderatuz, ondorengo datuak ditugu:

  • Kale garbikuntzako hitzarmena: langileen gehiengoa gizonezkoa da. Kategoria baxuenetan peoiak 23.183,09€ kobratzen ditu 2018 urtean.

  • Eraikin eta lokaletako garbikuntza: gehiengoa emakumezkoa da (%95). Bertan kategoriarik baxuenean soldata 17,784 eurokoa da.

  • Hala ere, alor publikoko garbitasuneko azpikontratetan ekiparaziorantz aurrerapausoak eman dira. Hemen, hitzarmen desberdinak aurkitu ditzakegu: Osakidetza eta Hezkuntzako garbikuntzakoak, ekiparatutako Udaletakoak edota Aldundikoa, kasu. Guztira 15 hitzarmen dira. Hala ere, nahiz eta aurrerapausoak eman, hauetan soldata arrakala dago maskulinizaturik dagoen esparruarekin alderatuz. Arrakala hau kasu txikienean % 2koa da eta nabarmenean % 18koa.

ELAk emakume hauen diskriminazio egoera erdigunera ekarri nahi du. Lan berbera egiten dute askoz gutxiago kobratuta. Baten batek esan dezake gizonezkoek kalean egiten dutela lan hori eta horrek baldintza txarragotan egitea suposatzen duela. Baina horrek ere badu bere ordainsaria, kalean garbitzeagatik urtean beste 2.896€ jasotzen dutelako. Beraz, aipatzen dugun arrakala benetan berdinak diren lanetan gertatzen da.

ELAk zera azpimarratu nahi dugu: lorpen hau irabazi historikoa da eta azpikontratatutako garbitasuneko beste esparrutarako erreferentzia izan behar da, bai Administrazio Publikoan baita arlo pribatuan ere.

 

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.