2019-09-05 17:13
Aurten ere ELAk bere elkartasuna eta babes publikoa adierazi nahi dio Hondarribiko Jaizkibel konpainiari eta bera osatzen duten guztiei, batik bat emakumeei. Jaizkibeleko lagunak parekidetasunean eta berdintasunean oinarritutako alardearen alde hogei urte luze hauetan egiten ari diren ahaleginak eta borroka feminista eredugarria txalotu nahi ditugu.

Alarde baztertzailearen alde daudenen aldetik ikusi ditugu aurten ere arazoaren mamia ezkutatzeko saioak. Hondarribian kokatutako bizikidetza arazo bat balitz bezala aurkeztu nahi digute auzia, emakumeon oinarrizko eskubideen urraketarik egongo ez balitz bezala.

Honen aurrean instituzio publikoek daukaten jarrera ozenki salatu nahi dugu. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondarribiko Udalak nahiago dute eztabaida beste bide batzutara eraman, gakoa eremu publikoaren edo ordutegien kudeaketan dagoela sinestarazi nahi dutelarik. Haatik, sakoneko auzia, emakumeen eskubideak aitortu eta bermatu beharra, saihestu egiten dute.

Halaber, ezin da saldu ustez feminista eta genero berdintasun politiketan aitzindari den herri baten irudia, herri-administrazioek Hondarribiko eta Irungo alardeetako errealitatearen aurrean agertzen duten utzikeria eta jarrera pasiboak irauten duen artean.

Zuen alboan izango gara!



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.