2019-09-17 09:00
ELAk irailaren 20an egingo du bere ekitaldia eta astean zehar deituriko gainontzeko mobilizazioetan ere parte hartzera deitzen du bere afiliazioa. Mundu mailan deiturik dagoen mobilizazio dialdiari erantzunez, ELAk irailaren 20an ekosozialismoa eta trantsizio energetikoa abiapuntu izango dituen mahaingurua antolatu du. Ondoren Bilboko kaleetan manifestazioa egingo du. Irailaren 20tik 27ra gure herri eta hirietan antolatu diren mobilizazioetara ere atxikitzen da sindikatua.

ELAk irailaren 20an Bilbon eztabaida eta mobilizazio eguna antolatu du klima aldaketaren arazoari heltzeko eta egungo eredu ekonomikoeta sozialaren alternatiba diren proposamen politikoetan aurrera egiteko.

Horrela, irailaren 20tik 27ra planeta osoan deituta dagoen klima aldaketaren aurkako deialdiari erantzuten dio. Gainera, aste horretarako gure hiri eta herrietan deitzen ari diren mobilizazioetara atxikitzen gara eta hauetan parte hartzeko deialdia egiten diogu gure afiliatuei. Egungo langile klasearen eta etorkizuneko belaunaldien bizi baldintza duinak bermatuz bizitza erdigunean jartzeak eredu kapitalistatik eredu sozial eta ekologikoki iraunkorrerako trantsizioa eta denontzat enplegu duina beharrezkoak direnaren konbentzimentu osoz egiten dugu.

Nazioarteko deialdien ildotik, ELAk beharrezkotzat jo du Larrialdi Plan bati ekitea, iraunkortasunari justizia sozialaren testuinguruan erantzutea, eta ekonomiaren elementu nagusien (energia, bankuak, komunikazioa, etab.) kontrol publiko eta demokratizaziorako planak garatzea.

Beharrezkoa da pertsonen eta planetaren interesei lehentasuna ematea kapitalaren aurrean, eta horrek aplikatzen diren politika publikoak errotik aldatzea eskatzen du. Izan ere, instituzio ezberdinak (Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua besteak beste) sektore kutsatzaileen interesen menpe daude. Energia, autogintza, edo eraikuntza sektoreak esaterako. Argi ikusten da AHTaren aldeko apustuan, non baliabide kopuru izugarria jartzen den gizarte politiken kaltetan eta errentagarritasun ekonomiko, sozialik edo ingurumenekorik ez duen tren bat eraikitzen.

Lehenik eta behin, hilaren 20an eztabaida bat egingo da Deustuko Unibertsitatean (10: 30etan). Bertan, Herrien Internazionalismo Berriaren aldeko Adierazpenak egiten dituen Trantsizio Energetikoa eta Ekosozialismoaren inguruko proposamenak aztertuko dira, ReCommons-ek eginak. ReCommonsEurope proiektua nazioarteko bi sarek, CADTMk eta EReNSEPek, eta baita ELA sindikatuak ere, jarri zuten abian, Europan ezker sozial eta politikoak gaur egun egiten dituen eztabaida estrategikoei laguntzeko. 2018an eginiko bileretan garatu eta 2019an idatzi zen Manifestua. Eztabaidan parte hartuko dute, besteak beste, Pablo Cotarelo eta Walter Actis, EReNSEP eta Ecologistas en Acción erakundeko kideek, hurrenez hurren, eta aipatutako kapituluaren arduradunak izan direnak (Ekosozialismoa eta Trantsizio Energetikoa).

Eztabaidaren ondoren, mobilizazio bat egingo da, Iberdrola Dorrearen aurrean amaituko dena. Iberdrolak transnazionalen boterea, euskal instituzioek botere ekonomikoarekiko duten supeditazioa eta aldaketa klimatikoaren ardura duen eredu energetikoa sinbolizatzen ditu.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.