2018-07-04 17:23
Sindikatuak Jarraipen Batzordearen osaera negoziazio kolektiboko eskubidea ez duela bermatzen salatu nahi du

Aurreko legealdian UPNk eta PSNk murrizketa gogorrak ezarri zituzten krisiaren aitzakiaz (ratio igoera, ordezkapenak ez betetzea, behin behineko tasaren igoera...). Nafarroan Europako azken postuetan gaude hezkuntzan inbertitzeari dagokionez. 2015eko datuen arabera Nafarroa da Hezkuntzan gutxien inbertitzen duena 28ko EBean, Errumaniarekin batera (BPGaren %3,2). 2018an Nafarroan gure BPGaren %3,2 inguru inbertitzen jarraitzen dugu (2010ean baino 14 milioi gutxiago), Europako batez bertzekotik urruti (%4,9), eta are urrutiago UNESCOk gomendatzen duen %6tik.

 

Maria Solana Hezkuntzara heldu zenean, 2017an, honela erran zuen: “Hezkuntzan inbertitu behar da, eta lehengo egoerara itzuli”. Adierazpen honek Nafarroako Gobernuak bere Akordio Programatikoan hartutako konpromisoei erantzuten zien. Errealitatea da ez dela gehiago inbertitzen eta oraindik leheneratu gabeko murrizketak daudela indarrean.

 

Gaurko akordioak ez ditu lehengoratzen UPNk eta PSNk ezarritako murrizketak, eta alde batera uzten ditu hezkuntza publikoko 9 sindikatuok helburu genituen gai nagusiak:

  • Egungo ratio altuak mantentzen dira.

  • Irakasleen ordezkapenetan ez dago zehaztapenik.

  • Plantillen egonkortasunari begira ez da benetazko aurrerapausorik ematen. Behin-behinekotasuna %33koa izanik, egungo EPE sistemak ez digu Departamentuak helburu duen %8ra hurbiltzeko aukerarik ematen.

  • Azken urteetan izan dugun eroste ahalmenaren %15eko galeraren ondoren, soldata-baldintzak berreskuratzeko epeak ez dira ezartzen.

 

Gainera, adostutako testuan aldaketa bat sartu dute, aurreko zirriborroetan ez zegoena: itunaren jarraipen-batzordearen osaera. Lehen, sektore-mahaian ordezkaritza zuten sindikatuez osatzen zen; eta orain, ordea, ituna adostu duten sindikatuendako bakarrik mugatu da parte hartzea. Jokabide hori eraso larria da askatasun sindikalaren aurka. Sektore-mahaiak eginkizunik gabe uzteko arriskua ere badago, zeren berez negoziazio kolektibokoak diren gaiak itunaren jarraipen-batzordean aztertuko dira. Jarraipen-batzorde horrek berak erabakiko du zein gai eramanen den sektore-mahaira eta zein ez.

 

Nahiz eta formalki sinadura ez da izango abuztuaren 24a arte, lortutako akordiak murrizketako lehengoratzea aukera eta langileen baldintzak hobestea aukera galtzea suposatzen du. Aldi berean, arraipen-batzordearen osaerak sindikal askatasunaren kontra jotzen du.

 

 

ELAren iritziz, itun hori adosteak eta murrizketak lehengoratzeko beharrezko mobilizazioa bultzatzeari uztea oso albiste txarra da, ez dituelako lehengoratzen azken urteotako murrizketak

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.